Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Chillidak Bach zuen maite

Chillidak Bach zuen maite

Amatiño 2024/02/18 12:22
Inguruan eseria zegoen emakumeak abisatu zuen, ozen samar, aldamenekoek entzuteko lain: “estreinu mundiala Donostian izango dela adierazten diguten bakoitzean, ni dardarka jartzen naiz”. Eta denok ulertu genion, Chillidaren omenezko gorazarretan Kursaaleko kontzertua hasi aurretik.

Austrian izandako sekulako arrakastaren ondotik, Euskadiko Orkestrak programa “orekatuaz” –adituen esanetan-- berrekin dio kontzertu-denboraldiari: Joseph Haydn (1732-1809) klasikoa, Sergei Rakhmaninov (1873-1943) posterromantikoa eta Antonio Lauzurika (Gasteiz, 1964) musika garaikide maisu eta saritua, “Chillida-Elogios” estreinuaren egilea, eskultore donostiarraren jaiotza-mendeurrenerako propio burutua.

Lauzurikaren maisutasuna ez dago zalantzan, Euskadiko Orkestrak egindako eskariari zentzua dario, eta “Chillida-Elogios” ereslanaren kalitatea kritikak (Maria José Cano) goretsi du. Kontua da, ordea, 1.800 lagunen abonu-kontzertua ote den lekurik aproposena, nekez balioesteaz gainera, gehien-gehienek euren kasa sekula aukeratuko ez luketen konposizioa aurkezteko.

Ondo da berrikuntza, baita aniztasuna ere, denetik entzun beharra dago. Eta, aurrera egingo bada, betiko betikotan geratzea ez da inondik ere bidea. Baina nork daki ez ote den kaltegarri batere melodiarik gabeko musika horrelakorik ulertu eta maite ez duen jendaurrean azaltzea eta, “hobe beharrez” entzunarazi arren, inoiz gehiago entzungo ez dutena.

Behar bada, ezjakinari xumetasun-puntua eska dakioke ulertzen ez duenaren aurrean apal joka dezan; baina, aldi berean, galdetzekoa ere bada, lekikeenari ez ote litzaiokeen eskatu behar beste apaltasun-mailaren bat, publikoa ez aspertarazteko, axolagabetzeko edo iseka zorian jartzeko.

Denok maite dugu Chillida. Baina, amaieran hainbat lagun kexu zenez, “Chillidak besterik merezi du”. Seguru gero, “hori” ere merezi duela, baina, merezi ere, ez ote luke merezi izango 1.800 ikusentzuleok Chillidarekin berarekin elkartaraziko lituzkeen beste zerbait gogoangarriagorik?

Norbaitek esan lezake, gustuko ala ez, hain zuzen ere garaikidea dela Chillidaren abstrakzioari estuki datxekion musika-mota. Ez dakit ba… Eduardok Bach zuen maiteen. 

Oier G
Oier G dio:
2024/02/19 16:31
Jugada ederra egin detsuena. :-) Izan be, nik neuk (oro har) musika garaikidia ezin tragauta ibiltzen nok, eta hau irakorritta, bakarra ez naizela esango najeukek. Radio Clasica izaten juat ipiñitta kontsultan, eta halakuak emititzen hasten dirazenian... CDera pasatzen nok. Baiña zuek, publikuan... ezin iges egin!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: