Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Chillida-Lekuko dibana

Chillida-Lekuko dibana

Amatiño 2011/01/01 00:05
Arteak funtzio katartikoa omen du. Hau egia baldin bada, gaurtik aurrera itxiko den Chillida-Leku museoarekin batera euskal arteak atari zabaleko kokapenik katartikoena galduko du. Eta nik, aldi berean, nere diban psikologikorik aproposenetakoa.

Chillidaleku2

Ezkerraldean, ezpelartean, enborrezko jarrileku luzekina

Diban psikologikoa ez da inondik ere metafora soila. Sigmund Freud psikoanalistak erabili zuen hipnosia-praktikak egiteko, lehenik, eta gaixoek berari begiratzeke jardunari amain eman ziezaioten, gero. Harako dibana Londresko Freud Museumean ikus daiteke, ezein klinikatako etzanlekua baino serrail turkiarren bateko ohe itxura gehiago duen arren.

Nik ez dut, jakina, Sigmund Freudik ezagutu, ezta sekula benetako dibanik erabili ere, baina aitortu dezadan Zabalaga baserrira bidean dagoen enborrezko aulki luzekina dibantzat erabiltzeko balio izan didala sarri.

Denok dugu, segurutik, ezkutuko leku lasai eta bakartiren bat, nork bere buruarekin lekukorik gabe lantzean behin topo egiteko. Garai batean Intxorta (Elgeta) gainera joan ohi nintzen, azken gerrako lubaki-aztarrenetaraino. Gero, berriz, Sakonetako (Deba) labarretara edo Erromadiako (Donibane Lohizune) hondar-bidezidorretara.  Azken boladan, ostera, Chillida-Lekuko zelaietara.

Zabalagako aulki horretan sekula jarri ez denak nekez ulertuko du zer esaten ari naizen eta Chillida-Lekuko belartzetan inoiz ortozik ibili ez denak ez du eskura duen (zuen?) atsegin sentsualik handienetakoa sentitu.

Dibanik gabe nago.

Urte berri on.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: