Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Chillida Lekuk ez du nork defendituko

Chillida Lekuk ez du nork defendituko

Amatiño 2017/08/11 00:05
Chillida Leku irekitzea kultura-kriseilutzat zein turismo-amutzat jo du Ernesto Gasco zinegotziak, Donostiak kalitatezko balio erantsia eskaini beharra aldarrikatzeko orduan. Ez zaio arrazoirik falta. Kontua da, ordea, Chillida Lekuk nork defenditu gutxi duela, antza, Gipuzkoan oro har eta Donostian bereziki.

Gipuzkoako agintariek, alderdiek, erakundeek, eragileek, komunikabideek eta herritar orok jakingo dute, behar bada, zer den onena eta zer ez Gipuzkoa osoarentzat, zer esanik ez turismo-eredua aztergai omen dagoen honetan. Nago ni, hala ere, Chillida Leku Zabalaga baserriko geltokian dagoen azken trena dela eta, inork ez baldin badu ezer egiten, aldenduko dela, berandu baino lehen, betiko. Historian zehar behin besterik pasatu ez den trena, alde egiten utziz gero bigarren abagunerik sekula lortuko ez duena.

Beti Bilborekiko konplexuz, inbidiaz, bekaitzez, jeloskeriaz eta sasi-alderatze merketan jardun ohi duen Donostiak ezin izango die behintzat, oraingo honetan, atxuritarrei errurik leporatu. Zer esanik ez, kontuan izanda, Bilbok ez liokeela inoiz, Chillida Leku bezalako altxorrari, muzinik egingo.

Batbederak nahi duena esango du baina, hemendik aurrera, giputzek, bizkaitarren bizkar, negarra jotzeari ekiten dioten bakoitzean, beti izango dugu zer erantzun: “Utikan, hobe isildu. Chillida Leku bezalako aukera alferrik galtzeko gauza den gizarteak ez du kanpoan aitzakia bila aritu beharrik”.

Chillida eta Oteiza gipuzkoarrak ez ziren bat etorri edozenbat gauzatan. Baina horra non, biek, Gipuzkoatik kanpo amaituko duten. Oteizak Nafarroara (Alzuza) alde egin zuen eta Chillidak munduan barrena aurkitu beharko du leku berria.

Bitartean, donostiarrek jarraituko dute eztabaidatzen, turistak lehen solairuan ala bigarrenean kokatu behar ote diren. Jakina, hori ere eztabaidatu beharrekoa dela... baina, ez hori bakarrik.

Chillida

Nork esango zion, gero, Eduardo Chillida donostiarrari, berandu baino lehen Zabalaga baserriko geltokiak bere irudi-trena galdu eta, berriro, umezurtz geratuko zenik....

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: