Chillida eta Nefertiti, garaikideak
Erasmus programaz edo ikasketa-bidaiaz Berlina joan ohi den gazte-jendeak nekez jakin dezake, egun alemaniar hiriburuaren bihotzean (Mitte) dagoen erdigune tipikoa (Alexanderplatz, Telebista Dorrea (1), Museoen Uhartea (2), Prusiako Elizaren Katedrala, Brandeburgoko aterainoko Unter den Linden (3) kale nagusia etab.) Ekialdeko Berlin komunistaren eremuan geratu zela 1945ean II Mundu Gerra amaitu ondoren, eta Berlingo Harresi ostean, berriz, 1961etik 1989 arte. Urteak aurrera egin ahala, jatorrizko Berlin batua umetan ezagutu zuten berlindarrek 90 urte dituzte honezkero. Zein azkar doan gero historiaren denbora, edota, zein laburrak diren, gizakion belaunaldiak.
1970eko hamarkadaren amaieran estreinako ezagutu nuen Berlin, bitan zatitutako hiri geldo bezain tristea iruditu zitzaidan. Handia bai, baina arimarik gabekoa. Hamar urte geroago, ostera, presaka eta arrapataka eraberritu beharraren beharrez, amaierarik gabeko garabi-basoa ematen zuen, eta orain hurrengokoan, aldiz, udaberritako lorontzi mardula, non Spree ibaiaren (Baltikotik 400 kmra.) bi ibarrak, zein baino zein, arterik eta arkitekturarik berrienen lekuko diren.
Besteak beste, mendebaldeko ibarrean eraikia da Kantzilertza Federalaren egoitza berria, eta atarian, berriz, 1990eko Alemaniaren Bateratzea omentzeko eta oroitarazteko Eduardo Chillidak zehatz egindako "Berlin” eskultura. Ez da lotsabakoegia izan behar sumatzeko, euskaldun gutxi baino ez direla zertzelada honen berri dakitenak, eta dakitenak ere ez direla, behar bada, esanguraren garrantziaz lar jabetzen.
Spree ibaia alboratu gabe, 6-7 minutuko ibilbidea oinez, baina 3.000 urteko jauzia eginez, Thutmose artista egiptoarrak Nefertiti erreginari egindako irudia behatu daiteke, bertatik bertara. Atarian dioenez, “all art has been contemporary”. Alegia, arte-estilo eta molde guztiak direla garaikideak, garaian garaikoak diren heinean, behintzat. Beste modu batez esanda, Thutmoseren arte-lana Chillidarena bezain “garaikidea” dela funtsean, eta alderantziz, jakina.
Hain zuzen, duela berrogeitaka urte egin nion elkarrizketan Chillidak esan zidanez, arteak ez du teknologiak ezinbestez duen hurrenez hurrengo bilakaerarik. Alegia, ezinezkoa den arren errotarririk gabeko bolurik edo argindarrik gabeko telebistarik... labar-artea, erromanikoa edo kubismoa ez direla elkarren ezinbesteko ondorio. Beste modu batez esanda, ez zela sekula hegazkin supersonikorik izango egiptoarrek buztingintzako tornua asmatu izan ez balute, baina Chillidak, ostera, egin ahal izango zukeela “Haizearen orrazia”, Thutmosek “Ederraren” (4) irudia taxutu izan ez balu ere.
Zer nahi delarik, Chillidak zein Thutmosek (5), “Berlin” eskulturak eta Nefertitiren irudiak, merezi dute bisitaren bat. Izan ere, bost-sei minuturen bueltan daude, elkarren hurbil, elkarri begira, hiru mila urteko jauziaz baina aurrez aurre. Biak ere unibertsoaren historiaren azken segundoko hondarraren mutur-puntaren puntan sortuak. Garaikideak.
1) Fernsenhturn. Alemaniako eraikinik garaiena, 368 m.
2) UNESCOren Munduko Ondarea edo Gizateriaren Ondarea
4) Nefert-iti, “ederra heldu da”.
5) Chillidak badu sarrera Wikipedian egiptoar arabieraz. Thutmosek ez, ordea, euskaraz.