Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Cherchez la femme

Cherchez la femme

Amatiño 2009/11/22 16:09
Mugimendu handi samarreko liburudendetan begi-bistan dago Helmut Newton argazkilari ospetsuaren SUMO bildumaren bigarren argitalpena. Etzanda gorde beharreko liburu-puskak 464 orrialde (26,7 X 37,4) ditu eta 100 eurotan dago salgai.

                                             

Liburukote berri hau orain hamar urte arrakasta handiz plazaratu zenaren bigarren argitaraldia da. Benedikt Taschen editoreak formato handiko liburua argitaratzeko proposamena egin zion eta baita asmatu ere. Ziztu bizian ahitu ziren 400 argazki erotikoren 10.000 bildumak, guztiak banan-banan egileak sinatuak. Kaxa eta guzti 35,4 kilo pisatzen omen zuen liburu bakoitzak eta, geroztik, aleren bat edo beste –argazkietan agertzen ziren ehun VIPen autografo eta guzti— 430.000 dolarretan saldu izan da enkantean.

                              

Guztiz ezaguna da Helmut Newton (Berlin, 1920 – Los Angeles, 2004) argazki-munduan eta argazkion erotismoa, berriz, baita mundu horretatik kanpo ere. Gau-soinekoak, galtza beltzak, ligak, takoi altuak, eskote handiak, ispiluak, harreman lesbikoak eta, beti ere, emakumeen ipurdiak biluzik eta bularrak larrugorritan… nolabaiteko glamourrez, xarmaz, morboz, ezkutu-edertasunez, perbertsio-puntu oldarkorrez eta, nik uste, merkatuak onartzeko eta ordaintzeko besteko matxismoaz. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

                                      

                                                               

Hainbat urtetan Marie Claire, Elle, Vogue eta Play Boy aldizkarietan lan egin ondoren, zalantzarik ez gai erotikoez gainera Helmut Newton argazkilari ona zena baina –cherchez la femme— haren heriotzaren ostean June Browne alargunak bere argazki-bilduma azaldu zuenean kritikak jakin zuen Newtonen emaztea ere ez zela hutsaren hurrengoko argazkilaria.

                                               

                                                  Helmut Newton lanean eta June Browne emaztea begira

Hain zuzen ere, zenbait martxanteren iritziz, June  Browneren meriturik handiena ez omen zen izan argazkigintzan dezente ona izatea, senarrari laguntzen, hainbat ikusmolde iradokitzen eta negozioa kudeatzen asmatzea baino. Ez da, nonbait, artista axolabakoaren negozioari etekina ateratzen jakin izan duen lehen emaztea. Hain zuzen ere, zenbaiten ustez, hauxe omen zen, funtsean, Oteizaren eta Chillidaren arteko alderik nabarmenena.

                           

                                                   

                                                            June Browne, Helmut Newtonen emaztea

                                      

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: