Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Che Guevararen afankeria demokratikoa

Che Guevararen afankeria demokratikoa

Amatiño 2010/11/05 23:45
Ez da fikzioa, ez istorioa, ez dokudrama, ezta dokumental anglosaxoia ere. Hagiografia da, Ernesto Che Guevara santuaren kondaira. Seguru asko 1960an nerabe ginenok beste inork baino interes gehiagoz ikusi ahal izango duguna.

Ernesto Che Guevara iraultzaile eta gerrillariak ez zuen luzaro bizitzerik izan, berrogei urte bete aurretik batere epaiketarik gabe erail baitzuten, CIAren onespenaz. Baina, zer gerta ere, bi abagune historiko “zortetsu” izan zituen argentinarrak. Batetik, berak nahi bezala bizi eta hil izana. Bestetik, ez dugu inoiz jakingo adindu izan balitz Castro anaien pareko militar zaharkitu jantzita aguretuko ote litzatekeen ala, Jorge Masetti kazetariak 1958an Sierra Maestran egin zion elkarrizketan azpimarratutako “afan demokratikoari” eutsiz, disidentzian amaitu behar izango ote zukeen.

Badakigu, ordea --Che, un hombre nuevo filma ikusi besterik ez dago-- Tristan Bauer eta Carolina Scaglione bikoteak ez duela batere zalantza izpirik eta, hamarkadak joan eta hamarkadak etorri, aspalditxo porrot egin zuen sasi-iraultzaren establishment kontserbatzailearen joera beretik imajinatzen jarraitzen dutela biek Che gaztea.

Guztiz zilegi den jarrera ideologiko nabarmen honek erabat baldintzatzen du hamar urtez sekulako artxibo eta material mordoa biltzeko gauza izan den dokumentala. Joria bezain ugaria eta aparta gero eskaintzen duen irudi pila eta murritza, aldiz, ildo bakarreko kontakizuna. Behar bada Kubako eskoletan arrakasta handiz erakusteko moduko emaitza baina neketsu samarra, berriz, Europako edozein zine-aretotan ikusteko.

Bilboko Alhondigan bi ikusle baino ez ginen bildu elkarri begira. Eta ez nintzen zaharrena.

                        che

El hombre nuevo

Gizaki berriaren ideia San Pabloren irakasgaietan zein Dalmacio Negro irakasleak argitara emandako El mito del hombre nuevo saiakera polemikoan agertzen da -- Heidegger, Kant, Nietzsche eta beste hainbat filosofo tarteko--  hogei menderen bueltan. Baina filmak gogotan du Che Guevarak Carlos Quijano kazetariari 1965an idatzitako gutuna, non gerrillariak bere hainbat gogoeta eta hausnarketa formulatzen dituen. Orduan abangoardiaren top-mezua zena gaur, aldiz, aldrebeskeria-antologia besterik ez.

Garai haietako Hego Ameriketan, ez dut uste borroka armatuaren defentsa zenik Guevararen xederik bortitzena, askatasuna armaz lortu ondorengorako proposatzen zuen gizarte-sistema baino.  Lekutan zeuden 1965an, zazpi urte lehenago Sierra Maestran aldarrikatu zuen afankeria demokratikoa eta gerra osterako Fidelek agindutako hauteskundeak. Baina pasarte hutsal hauek  beste historia bat dira. Ez behintzat Che Guevararen hagiografian sartzeko bezain egokiak, ez dakigun formoletan dirauen ikono dontsua milaka zatitan hautsi.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: