Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Che Guevara, argentinarra

Che Guevara, argentinarra

Amatiño 2008/10/12 01:57
Zinea ikustera joan eta dokumentala ikusi. Hori txarrerako ala onerako ote? Auskalo, diferentea bai behintzat. Bego dokumentala, Che Guevara Bolivian fusilatu zutenean andregaia genuenontzat. Aspergarri samarra behar bada, baso eta oihan lartxo, andregaia eskutik hartu eta igande arratsaldean zinera doanarentzat. Baina, tira, oraindik lehen partea --“Che: el argentino”-- baino ez da karteldengian agertu. Bigarrena --“Guerrilla”-- ondotik etorriko omen da.

Edukiz, filmearen gidoia (Peter Buchman) Guevararen beraren egunkarian oinarritua dago eta, moldez, 1964an Kubako Industria Ministroa zela Nazio Batuen Biltzarrean eman zuen hitzaldia hartzen du ardaztzat. Kontalari ezkutua Che Guevara bera izanak eta flashback historikoen zuri-beltzak nolabaiteko sinesgarritasuna ezartzen diote filmeari.

Steven Soderbergh zuzendariak ez omen du filme politikorik  egin nahi izan, didaktikoa baino. Berak jakingo du nahirik asetu ote duen, horren historia xehe eta nahasia laburtu beharraren beharrez, gaur egun inor gutxik gogoan dituen pasarteak eta zertzeladak jakintzat jotzen baititu.  

Hala ere, oso azaletik eta gaingiroki baino ez bada ere, nahiko adierazgarri nabarmentzen dira Che Guevararen zurrunkeria zein malgutasunik eza eta Fidel Castrorekiko zituen diferentziak.

Laurogei urte izango zituen orain 1960 hamarkadako ikonorik iraultzaileenak. Eta, holakoetan, beti egin ohi da galdera berbera: bizi balitz zein litzateke egun Che Guevararen irizpidea giza-eskubideez, askatasunaz, justiziaz edo demokraziaz? Ezin gero zehatz mehatz jakin. Baina datu objetiboa behintzat zereko zera da:  Habanan sartu aurreko hiru urteko  borrokan, Fidel Castro (Damián Bichir) eta  Ernesto Guevararen (Benicio del Toro) jarrerak alderatuz gero, gallegoa zen bietarik praktikoena, politikoena eta indar-biltzaileena, eta argentinarra, aldiz, esentzialistena, borrokalariena eta berekaxena.  

Egingo ote zukeen Guevarak Castrok egiterik nahi izan ez duenik? Ez dugu sekula jakingo.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: