Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / C'est la vie… c'est le Tour… c'est le monde des affaires!

C'est la vie… c'est le Tour… c'est le monde des affaires!

Amatiño 2023/07/23 19:50
Segurutik salmenta-aukera baino ez da izango, baina arraro samar gertatzen da Frantziako Tourraren analisi historikoa (1903-2023) egin eta aurtengo “euskal” ekitaldia hasi aurretik aurkeztea. Eta, ondorioz, arraroa ez ezik, kamutsa ere suertatzen da, “Nazioen Tourra. Kazetaritza, identitatea eta kirola” (1) izenburupeko liburua (Txalaparta, 2023) irakurri behar izatea, gaur amaitu den edizio-hasieran gertatu zenaz lerro bakarra ere aurkitu ezinik.

Xabier Fernandez (Bilbo, 1962) kazetari eta saiakeragileak ez du zalantzarik: Tourra, “kirol-ekitaldia baino gehiago da” eta “Tourraren bilaketaren interpretazioari ekiteko ezinbestekoa da lasterketaren hastapenetara jotzea, kazetaritzak izan duen eragina aztertzeko eta, aldi berean, nazio-identitateak haren bidez nola islatu diren agerian jartzea”.

Xabier Fernandezek gogoratu nahi izan du, Tourrak frantses nazioa batzeko balio izana ez dela, inondik ere, hainbat urtetako ibilbidearen ezusteko ondorea, antolatzaileek hasiera beretik propio izan zuten helburua baizik. Alegia “Tourraren funtzioa komunitate nazionala egituratzea zen, frantziarrak nazio bakar gisa batzen dituzten esperientzia komunak eta lurraldea azpimarratuz”. Esan eta egin.

Xabierrek edozenbat datu, lekuko, iritzi eta adibide ematen ditu liburuaren lehen partean, baina, ondotik,  ez da Frantziako mugen barruan geratu, Tourra Euskal Herrian edota Euskal Herria Tourrean delako atala tarteko, Euskaltel-Euskadi taldea medio eta fenomenoaren ondorio eragingarri zein kontrajarriak (2) ere kasu. Kazetariak ez du, bestalde, iritzi-bilduma bere aburuetara mugatzen. Osterantzean, hainbat adituri eta arituri nahi izan die nolabaiteko protagonismoa eskaini, euren iritziak jasoz eta adierazpenak azalduz (3).

Tourra Frantziaren “nazio-identitatea lantzeko tresna” gisa sortu bazen, ezin uka funtzioa ondotxo bete duela. Urteak joan eta urteak etorri, “lasterketa da Frantziaren erakusleihorik onena”. Eta ezin adierazgarriagoak Georges Conchon idazle frantziarraren hitzak (4), “Tourrak askoz gehiago egin du Frantziako batasun nazionalaren alde XX. mendean egon diren gertakizunek baino”.

Baina kirolaren, identitate eta hedabide guztien laguntzaren eta interes partikularren gainetik, Tourra negozio pribatua da. Eta edozein negoziok bezala, helburuen, akziodunen, denetariko baliabideen eta bezeroen arteko balantzari eutsi behar izan dio. Tourrak badaki zein den bere xedea, eta jakin ere badaki zeintzu diren gainditu ezinezko marra gorriak. Baina, aldi berean, merkatuaren oreka horretan, beti ere prest dago gutxieneko marratxo "arrosak" bezain esanguratsuak, pasadizoan, ezikusian, ahal  eta komeni denean, espanturik gabe gainditzeko.

Bai,  “Tourrak, teorian, nazio-sinboloak errespetatzen ditu, eta adiskidetasuna nahiago du iskanbila baino bisitatzen dituen tokietan, batez ere estaturik gabeko nazioak direnean”. Ez, ezin ahaztu, Tourrak ezjakinarenak egin zituela Euskaltelek talde nazional gisa jokatu nahi izan zuenean, eta azken egunean Parisen ikurrina paseatzeko baimena eman ere eman izan ziola.

C'est la vie… c'est le Tour… c'est le monde des affaires!

Tour oria

(1) NAZIOEN TOURRA. Kazetaritza, identitatea eta kirola

(2) Joseba Belokiren iritziz, euskal "zaleak hooliganismorantz mugitu ziren", Euskalteleko txirrindulariak gogotik animatu eta ONCEko euskaldunei muzin egiten hasi zirenean.

(3) Fermin Aramendi (EiTB), Javier Bodegas (Urtekaria), Pedro Mari Goikoetxea (EiTB), Jesús Gómez Peña (El Correo), Tito Irazusta, Alberto Negro (Radio Euskadi), César Ortuzar (Deia) eta Xabier Usabiaga (EiTB).

(4) L'Équipe, 2014


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: