Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Cerretania, Sirtaniya eta Cerdanya

Cerretania, Sirtaniya eta Cerdanya

Amatiño 2016/10/19 00:05
Cerdanya da Pirinioetako haranik zabalena -- ia bi Aran edo hiru Baztan bestekoa, Gipuzkoa erdi ingurukoa--; eta, segurutik, historiarik eta ondarerik oparoena azaltzen duena. Trikuharriak, arte erromanikoa, azken gerretako bunkerrak eta Europako eguzki-laberik handiena*. Gastronomia ona eta turismo aktiboaren paradisua: 70 disziplina ezberdin. Dena 1.200 metrotik gora. Nork eskain dezake gehiago?
Cerretania, Sirtaniya eta Cerdanya

Lliviako sarreran

Cerdanya izena Cerretania (Ceretània) omen da jatorriz. Ptolomeok, Estrabonek eta Plinio Zaharrak iberotzat-edo jo zituzten zerretaniarrak, eta arabiarrek Sirtaniya kokatu zuten “baskunien” auzoan. Zenbait ikertzaileren ustez zerretaniarrak Nafarroako mugaraino heldu ziren eta beste hainbaten aburuz, ostera, euskaldunak izan ziren egungo Cerdanyaraino iritsi zirenak.

Zer gerta ere, mugakide izan zirenaz ez dago zalantzarik, ezta euren hizkuntzen arteko maileguez ere,  nahiz bizikidetza hura parez parekoa ez izan: "Pero tratándose de dos lenguas que fueron vecinas durante siglos y correspondiendo la ibérica a un área cultural más potente y expansiva, sería anómalo del todo que tales préstamos no se hubieran verificado ni, además, que la dirección dominante de los influjos fuera del íbero al vasco antiguo y no al revés".

Wikipediari jaramonik egingo badiogu, nabarmena da hainbat toponimo katalanen euskal jatorria: “El carácter bascoide d´una part de la toponimia catalana pirenenca és constatable en un primer cop d’ull”. Joan Coromines hizkuntzalariaren tesia da euskarak bizirik zirauela XI. mendean Pallars Sobirà eskualdeko menditar eta artzain-giroan, ordurako erromantzea nagusitu arren hegoaldeko lautadetako nekazarien artean.

Ur eta Urtx (eta Urgell) behin eta berriz euskal jatorritzat aipatu ohi diren adibide ezagunez gainera, makinatxo bat gehiago dira Katalunian euskal kutsuko toki-izenak. Hona bi helbide oinarrizko samarrak: Llista de topònims d’origen bascoide del Pallars Sobirà eta Topònims d’origen basc a Catalunya.

Jakinekoa, bestalde, garai bateko Cerretania bitan banatua dagoela, Espainiak eta Frantziak, 1659 urtean, Pirinioetako Hitzarmena sinatu zutenetik, Bidasoako Faisaien Uhartean (Konpantzia) hain zuzen ere.

Geroztik, Cerdanya Barrena Espainiaren agintepean geratu zen eta Cerdanya Goiena, aldiz, Frantziaren menpe, Llivia deitu lurralde berezia izan ezik.

Mapa XI mendea

Katalunia, XI. mendean. Egun, Rosselloa eta Cerdanya Goiena (Llivia barrutia izan ezik) Frantzia dira. Aran ondoan, Pallars Sobirà, non garai hartan euskarak indarrean omen zirauen menditarren eta artzainen artean.

Sanavastre

Aurrez aurre  diseinuzko hilerria, Sanavastren, Cerdanya Barrengo bihotz-bihotzean. Atzekaldean, Puigmal gailurra (2.909 m.) joan zen larunbateko elurtearen ondotik.

Sant Miquel

Sorigerolako Sant Miquel ermita erromanikoa (XI. mendea), Fontanalsen.

 

*Forn solar d'Odelló

Luistxo
Luistxo dio:
2016/10/19 14:32
Pallars-Sobiran erdiaroan euskara egiten zeneko hori... Corominasen esana/ustea daukagu, eta ez besterik. Zantzu toponimikoak hor daude, baina euskara noiz arte egin zelako aztarnarik ez dago.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: