Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lehen-lehenik hil, gero gerokoak

Lehen-lehenik hil, gero gerokoak

Amatiño 2011/04/20 10:00
Raul Castrok hitzez hitz esan du, Kubako Alderdi Komunistaren VI. Kongresuak izan behar duela "por ley de vida, el último de la mayoría de los que integramos la generación histórica". Hau da, nonbait ez dute agintaritza utziko zaharrak direlako, hil egingo direlako baino. Sekulako aldaketa gero, bart gauerarte azken berrogeita hamar urteotan gazterik, emakumerik eta beltzik gabeko sasibidea urratzeko gauza izan den iraultza kubatarrarentzat.

Ez dakit nik Castrotarrak beti agintean ezagutu ditugunok benetan jabetzen ote garen agintari zahar multzo horren anakronismoaz. Hor daude, beti egon dira, eta ia normaltzat jotzen dugu Kuban dinosaurioek irautea, Costa Ricako Parke Jurasikoa bailitzan.

Behar bada inoiz gutxitan pentsatu izaten dugu Fidel Castro (1926), Manuel Fraga Iribarne (1922), Xabier Aizarna (1922), Jose Mari Makua (1923), Ramon Labaien (1928) edo Txillardegiren (1929) hamarkada berekoa denik. Honekin ez dut esangura adin horretakoek ohore, gorazarre eta txalo sutsurik merezi ez dutenik baina, joño, oraindik ere agintean iraungo balute, zer ez ote genukeen guk esango! Ez dut uste egungo gazteek dakitenik ere Makua eta Aizarna Bizkaiko zein Gipuzkoako lehen aldun nagusiak izan zirena Franco hil ostean. Kontu zahar-zaharrak benetan. Beste garai batekoak.

Raul Castro (1931), berriz, hurrengo hamarkadakoa da. Hau da, Jordi Pujol (1930), Joseba Leizaola (1931), Adolfo Suárez (1932), Xabier Arzalluz (1932), Jose Angel Cuerda (1934), Jose Luis Elkoro (1935) eta Karlos Garaikoetxearen (1938) taldean zaharrenetakoa. Segurutik hauetako bizpahiruk euren alderdietan muturra sartu nahirik jarraitu nahi izango lukete oraindik ere, baina inork ez ditu imajinatzen alderdi-buruzagi, gobernu-lehendakari, estatu-buru eta gudaroste-jeneral, eta lau ardurak aldi berean gainera.

Dezente gazteagoak, ia aurrenengoen seme izateko beste, aspalditxo erretiratuak eta honezkero geure agintari gisa inondik ere nahi genituzkeenak, Jose Antonio Ardanza (1941), Felipe Gonzalez (1942), Jose Antonio Pujana (1943) eta beste hainbat. Gurean ia-ia agure direnak, Kuban umemokoak izango lirateke Castro anaiekin alderatuz gero.

Izan ere, kontua ez da soilik Kubako gizaldi historikoaren agintekeria, onenak direla sinetsi izana, neurribako paternalismoa, hurrengo belaunaldiarekiko konfiantza falta eta gazteei amain eman nahi eza. Kontua da, honezkero Kubako bi belaunaldi oso irentsi dituztela iraultza sozialistaren izenean, ondokoei batere aukerarik eman gabe, sekula inoren iritzirik eskatu gabe eta, larriena dena, ganorazko aterabiderik eskaintzeke hilerrian barrena joango direla, ad maiorem revolutionis gloriam. Ez da hau, inondik ere, Habanako Iraultza Museoaren espirituak merezi zuen amaiera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: