Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Canfranc-eko tunela, argi bila

Canfranc-eko tunela, argi bila

Amatiño 2014/04/05 22:40
Apirilean zehar bilduko omen dira, Zaragozan, Espainiako eta Frantziako gobernuen ordezkariak Canfranc-eko tunelpea berrereki ala ez erabaki ahal izateko. Berrogeita lau urte daramatza itxita Aragoi eta Biarno arteko tunelak, 1970an tren batek frantziar partean bazterra jo eta tunel-barruko errainak hondatu zituenetik.
Canfranc-eko tunela, argi bila

Ostiraleko tren-txartela

Nazioarteko tunelpe hau 1915ean eraiki zen, Somport (1.640 m.) mendatepean, Zaragoza eta Oloroe arteko harremanak areagotzeko eta, besteak beste, Frantzia eta Espainia arteko igarobide lasterrak ez zitezen Euskal Herrian eta Katalunian zehar besterik izan.

Nire sasoiko eibartarrok indarrean ezagutu genuen, 1960ko hamarkadaren hondarrean, 1928an estreinako zabaldu zen Canfranceko geltoki modernista.  Baita bertako ostatuan lo egin ere, Club Deportivoaren eski-sailak antolatu ohi zituen txangoei esker. Sekulako eraikin galanta da, oraindik ere, 241 metro bai luze (bi futbol-zelai beste), ganorazko trafikorik ezean, “Belle Époque” delakoaren lekuko zaharkitutzat gainbehera dirauen arren.

Hiru tren dira, gaur egun, Jakatik Canfranc-era egunero igotzen direnak eta beste horrenbeste, jakina, burdinbide beretik jaisten direnak. Atzo, ostiral arratsaldez, hamarren bat lagun bildu ginen beheranzkoan eta bost baino ez, goranzkoan.

Ttaparra-ttaparra, 35 minutu behar izaten ditu trenak bi geltokien arteko hogeitaka kilometroak egiteko. Gorantza ematen du dezente azkar doala, beherantza, aldiz, geldoantza; baina zentzu batez zein bestez, denbora berbera, Jakaren (800 m.) eta Canfranc-en (1.200 m.) arteko 400 metroko aldea garaitzeko. Etenbako zubiz, tunelpez eta biraz jositako trenbide menditsu eta malkartsua, duela ehun urteko ingeniaritzaren zein teknologiaren gomutagarri.

Hurrengo urtean milioi bat euro ezarriko ditu Aragoiko Gobernuak gainbehera datorren geltoki zaharkitua eraberritzeko eta kultura, hezkuntza, ikerkuntza eta turismo arloko zenbait ekimenen egoitza bihurtzeko. Eta hurrengo hamar urteetan, herri-erakundeek eta enpresa pribatuek 60 milioi inguru erantsi beharko omen dituzte, Formigal, Astun eta Candanchu elkarrekin lotzeko eta inguru-minguru horretan Espainiako eski-domeinurik handiena (220 km.) eraikitzeko. Euskal eskiatzailerik gehien biltzen duen domeinua, besteak beste.

Horra non, berriro ere, Aragoi erreka mitikoaren arroa etorkizunaren trena noiz hartuko zain.

Tunela

1915an ireki eta 1970an tren-istripuz itxi zen tunela Geltokia

Canfranceko tren-geltoki modernista (1928), gaur egun

Trenbidea

Ttaparra-ttaparra, jira-biraka, harrizko eskalektrikean zehar doa gorantza trenbidea. Elurretan, Collarada gailurra (2.883 m.)

Licherines

Mendebaldean, Lecherinetako harkaitzak (2.250 m.), trenaren leihotik ikusita

Torre fusileros

Eta behean, Aragoi erreka-ibarrean, XIX. mendeko gotorlekua, fusilarien dorrea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: