California ku-ku, Eibar ka-ka
Oraintsu irakurri berri dut liburu hori (Antonio Maria Labayen, 1898-1994). Elizondotik Irunera doan bidean, gruaren zain nengoela. Aurrez aurre Bidasoa eta gainean, dindilizka, Biriatu herri polita nituela; hantxe pot eginda, egundainoko okerrarekin motorra izorratu jatan eta. Izan ere, nahiko ku-ku auto marka batzuen ibilera.
Baina jarrai deidan kukuarekin, Eibarko kukuaz batez ere. Hain zuzen ere, ba ote da Eibar baino herri kukuzaleagorik. Nahikoa eta larregi esan gura du gorago aipatutako esaera zaharrak: Eibarko txitia, oilua. Hala ere horrela jarraitzen ote du? Badirudi ezetz, gaur beste edozein herri --nahiz kulturaz, nahiz industriaz, nahiz soldataz, nahiz edozertaz-- gu bezain dala ez du inork ukatuko. “Historia de España“rena daukagu guk ere: Izana, lehena.
Ez dugu ostera hortan geratzerik, ezer lotu nahi badugu, aurrera jarraitu beharko dugu. Lehengoarekin ezer gutxi lortuko dugu. Aurrera ez doana hila da, eta atzera doana zer esanik ez, areago, bizirik lurperatua.
Halakoren bat geratzen jaku guri ere, kukukerietan dihardugularik. Ez gara konturatzen lehengoarekin jai dagoela, sasoi bakoitzak bere lorea duela edo behar duela, eta lore hori guk geuk erein behar dugula.
Betiko leloak aipatu ohi ditugu. Eibartarrok, nork daki zer garala, jatorrak inor ez bestean, tresnen izenak euskeraz darabilguzela (barautza eta bizpahiru gehiago), eta era hontako amaikatxo alferriko jardun. Ahoz kanpo baino, ahoz barru ezer garan jakin beharra dugu, eta zer garan baino zer izan behar dugun gehiago komeni jaku jakin.
Guztiok gara, gutxi edo asko, kulturazale. Ez dugu erraz bere burua kulturazaletzat ez daukanik aurkituko. Hala ere, zenbat dira bizieraz eta egitez zaletasun hori agertzen dutenak? Ez dugu gure herriko kultura arazoetan zenbatek jardun ohi duten baino ikusterik. Eta zer esan kultura hori euskal kultura edo euskeraz badatorku? Non dugu ba zorioneko zaletasun hori?
Igaro berri dan maiatzean, lau hitzaldi izan genduzen zein baino zein interesgarriagoak. Batzuen iritziz, izan eitekezen beste gai batzuk lilluragarriagoak, gazteriarentzat batez ere, hala ere ez deuskue horrelako horiek bide egokiagorik erakusten. Errazena besteen iritziak zapuztea da, ezertxo ere eskeini bagerik. Gainera, hitzaldietara agertu ez zirenak ba ote dute ezer esatekorik. Hobe leukete isilik egon.
Jarrai deidan haririk galtzeke. Ninoanez, maiatzaren lau ostiraletan beste honenbeste hitzaldi izan genduzen S.C.R. Arraten, eta azkeneko egunean ezezik, aurreko hiruretan berrogeitamarren bat lagun bildu ginan soil soilik. Berrogeitak soilik ote gara ba Eibarko euskaltzaleak? Non dira ba kalean kukuka jardun ohi dutenak? Hain zuzen, non dira jaialdiak betetzen dituzten euskaltzale zaratatsuok? Non dira orain hogeitamabost urteko gudari eta abertzaleak, non bere seme-alabak? Non dira gazte erreboluzinolariak, eta folklorekeriari amorru bizia deutseenak? Non dira apaiz, fraile eta monja euskaldunak, non kultura elkarteen zuzendariak, non euskal arazoetako arduradunak, non artista eibartarra?
Ez dakidan inor etorri atxakiaren bat aipatzen. Batzuren batzuk errazoizkoak badira ere, gehienak ez dira entzutekoak ere. Azkenengo hitzaldiak, Euskera Idatziaren Batasunari buruzkoa, izan zuen harrera “dexente“ samarra (ehunen bat entzule, ohorezko gela eta bertan linierrik ez) salba gaitzake erridikulutik.
Izenak eta esanak, izanak baino gehiago arduratzen gaituzte. Eta horrela jarraituz, herri bezala zuzen zuzen hobira goaz, eta ”entierro zibillaz“ gainera. Honegaitik ba, ez dut uste txokatuko jatzuenik, hasieran bezala, behin eta berriz badinotsuet: California ku-ku, Eibar ka-ka.