Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Burdinmendiko Bide Berde gorri-berdea

Burdinmendiko Bide Berde gorri-berdea

Amatiño 2020/07/07 09:00
Enkarterrietatik itsasorainoko Bide Berdeak 42,5 km. ditu eta garai batean izan ziren hiru burdinbideren pasadizoak baliatzen ditu, alegia: Artzentalestik Galdames artekoa (1922-1966), Galdamestik Gallartarakoa (1876-1972) eta Kobaroneko trenbidea (1860-1963).

Sarrerako aurkezpentxoa laburpen bat besterik ez da, ehun urte luzean sekulako trenbide-sarea izan baitzen bertan, Santanderretik Bilboraino, Castro Urdiales, Muskiz eta Sestao tarteko. Lehen jakineko meatzeak duela 2.000 urtekoak dira --Shakespearek aipatu zuen Bilboko altzairua XVI. mendean-- eta Bizkaiko aberastasuna erakarri zuten XIX.an. Burdinaren inguruko ekosistema haren aztarrenak begi-bistakoak dira gaur egungo Bide Berdean zehar: meatze-zuloak, trenbideak, geltokiak, zubiak, dorreak, orduko langile-auzoak eta oraingo interpretazio-guneak zein museoak, etab.

Bide Berde osoa, 85 kilometroko joan-etorria, luze iritzita, nik Sopuertatik Zierbenako hondartzarainokoa egin nuen aurreko asteburuan, 62 km. guztira, arratsalde bitan. Muskiztik (Borja) Sopuertara (El Castaño) eta buelta, ostiralean. Eta Borjatik itsasora, Abanton zehar, larunbatean. Biak zeharo berdinezak dira. Lehena, Bide Berdea, izenaren jabe da; baina bigarrena, aldiz, izenez Bide Berdea izan arren, bidegorri peto-petoa.

Borjatik gora, hegoalderantz, Barbadun ibaian zehar, zagorra-bidea da, zuhaitzarteko zabal samarra, ainubea gehienbat eta, "Sorginaren tunel" argiztatuaren barrena, ez du batere zailtasunik La Aceña geltokiraino. Hemen, aldiz, trenbide zaharraren zantzua galtzen da eta, Galdames ibaia gurutzatzeko, zidor aldapatsua gainditu behar, lehenik, eta zurezko pare bat zubi berri eta eder, gero, ostera ere Barbadunen gainetik. Handik aurrera, txiri-txiri, tipa-tapa, Sopuertaraino.

Borjatik Gallartalderaino, berriz, bide berdea lautu eta gorritu egiten da, Muskiza jaisteko tentaldian sekula erori gabe, El Sobako tunelaren (150 m. luze) azpitik eta Kotorrio zein Putxeta auzoen gainetik. Behin Abanton, hirigintza modernoari esker, bidegorriak Sanfuentes eta autopista gurutzatzen ditu ezustean eta, handik aurrera, ziztu bizian, 8 kilometroz maldan behera, La Arena hondartzaraino. Gero, bueltan, igo egin behar diren 8 kilometro berberak, jakina, baina hori beste kontu bat da.

Bide zabala
Muskiztik gora, zagorra-bidea nabarmen zabala da eta zeharo erosoa

Tunelpea
Sorginaren tunela, nahiko argiztatua, 180 m. bai luze.

 

Bide estua
Lubaki biren arteko trenbide-arrastoa.

Zubi arteza
Galdames ibai gaineko zubi berria

Zubi biribila
Diseinuzko zubia, Barbadun ibaia gainditzeko

Kotorriotik
Itsasaldeko ikuspegia, Muskizko Kotorrio auzotik.

Abantotik Zierbenara
Abantotik Zierbenako hondartzaraino, maldan behera, hiru erraileko bidegorria. Ezkerrekoa, oinezkoentzat; erdikoa, beherantzako txirrindularientzat, eta, eskuinekoa, gorantzakoentzat.
Mikel
Mikel dio:
2020/07/08 21:16
Bizikleta elektrikoa da behar duzuna, Amatiño, eta bai BHk bai Orbeak dotore askoak egiten dituzte
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: