Buetraitz, izenaren jabe
Aloña Mendira joan nintzen aurreko larunbatean. Gorgomendi (1.244 m.) gailurrera uste baino lehenago heldu eta… zergatik ez Kurutzezarreraino jarraitu? Kurutzezarreko gaina (1.287 m.) hartu eta… zergatik ez, behingoz, Buetraitzera (1.321 m.) joan?
Ez nintzen, ordea, goraino heldu. Gailurreraino iristeko 40 metro falta zitzaizkidala, uko egin nion jarraitzeari. Beldurrez, zuhurtziaz, erantzukizunez, zahartzez...? Auskalo! Uste izan nuen tragiko samarra suertatu zitekeela amildegian barrena jaustea, baina tragikomikoa, berriz, putreek janda amaitzea.
Hain zuzen ere, aurreko larunbat arte sekula ez nuen pentsatu zeri zekiokeen Buetraitz izena. Bistan da toponimia, ezer izatekotan, izenaren jabe dela.
Ezin jakin zerk beldurtu ninduen gehiago. Amildegi alboko pasabideak ala barreneko haitz gaineko lagun-taldeak
Haitz-gainean, dozena erdiren bat sai edo putre. Debako hondartzatik ekosistema honetara, artez, 30 km. besterik ez daude.
Kurutzezar tontorra, Buetraitz gainetik ikusita. Barrenean, ezkerrean, Anboto; eskuinean, Udalaitz.