Brujas eta Segura
Ingalaterrako burdina, Espainiako ardoa, Errusiako larrua, Danimarkako txerria, Indiako diamanteak zein Ekialde Urruneko espeziak tarteko, historian eta politikan zer gerta ere Hansako Ligaren buruzagi, Brujasek goiari eutsi zion hurrengo berrehun eta berrogeita hamar urteetan eta London bi haina biztanle biltzera iritsi.
Baina, XV. mendean, sekula aurretik gertatu gabea gertatu zen. Handik eta hemendik metatutako lurrez, hondarrez eta jalkinez ibaiaren ur-zingoa murriztu egin zen eta gero eta itsasontzi gehiago Brujaseraino heldu ezinik geratu zen. Ordurarteko merkatua, trafikoa, lanpostuak eta aberastasuna Anberesa pasatu zen eta Brujas maldan behera, nora ezean, zati baterako gelditu: Burges-La Morte, alegia.
Gaur egun Brujas museo-herria da. Eraz eta moldez, XV. mendeko jauntxo herria bailitzan jarraitzen du oraindik ere, bertakoen murriztaile eta turisten gozagarri. Bitartean, Anberesek munduko diamanteen hiriburu izaten jarraitzen du eta, geroztik trena, autoa eta hegazkina asmatu diren arren, bere portuak gau eta egun jarraitzen du etenik gabe lanean.
Aukera-maukeran, Brujasen eta Anberesen jarrera kontrajarrien mezua guztiz esanguratsua da: Goiari eutsi nahi izanez gero, ez munduarekiko loturarik hautsi. Eta batere aldaketarik nahi ez izatekotan, berriz, orduan onena bidea sasiz ixten uztea da. Baina, hori bai, batere aldaketarik gabe aberats izaten jarraitu nahi baduzu, orduan… orduan zeure burua engainatu besterik ez duzu egingo.
Halere, holakorik bertatik bertara ezagutzeko ez dago Brujaseraino joan beharrik. Berbera egin zuten Segurako jauntxoek orain dela 150 urte.
* Sortzez Bryggia, norvegiera zaharrean portua, kaia. Nederlanderaz Brugge da eta frantsesez, Bruges
Ingelesez Bruges behar du, ahoskatzeko, Brux edo. Aurten ikusi dudan film interesgarrienetakoa In Bruges da. Mafiosoen istorio bat, baina hiriarentzako salmenta turistikoak eragiteko tresna bat ere bai, seguruenik. Erreferentzia asko daude hiriaren arteari, historiari.