Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Botila erdi betea ala erdi hutsa

Botila erdi betea ala erdi hutsa

Amatiño 2010/02/23 16:34
Begirune handia diot Pello Salaburu irakasleari eta ez dut zalantzan jarriko taldekideari zor diodan konfiantza. Bata zein bestea biak iruditzen zaizkit zentzudun eta sinesgarri, baina ez da gero erraz ulertzekoa nola arraio giro bereko bi lagunek horren iritzi kontrajarririk izan dezaketen datu berberen aurrean. Botila erdi betea ala erdi hutsa leloa nonbait nagusi. Nekez gero bestelako arrazoirik.

Aurreko udazkenean, Erromako Klubeko lankideetako batek mortalak eta bi esan zizkidan euskal gizartean bizi omen dugun ikerkuntzarik ezaz, hezkuntza eskasaz, aurrekontu publiko urriaz eta, besteak beste, gure arlotekeriaz, harropuzkeriaz  eta ondo bizi nahiaz. Laburbilduz, abia honetan gureak laster egingo omen du, gutxieneko lehiakortasuna lortu aurretik ameto eman dugunez gero hurrengo belaunaldiak nekez izango duelako gureak ezagutu bezainbateko ongizaterik berrikuntzaz, kulturaz, ekonomiaz zein bestelakoez.

Eta, hain zuzen ere, bere haserrearen adierazgarri gisa, Euskal Herriko Unibertsitateak mundu mailako zerrendan zuen postuaren berri eman zidan. Hau da, 9. espainiar estatuan, 99. Europan eta 273. munduan zehar. Bestelako kontuak ipuin hutsak omen, alukeriak baino ez, esne-berbak alegia.

Lagunaren hitz-jarioak lur jota utzi ninduen eta, blog honetan hausnarren bat egin ahal izateko edo, informazio haren iturri zuzena eskatu nion. Baita azaroaren 22an.  emailez jaso ere, hainbat zerrenda zehatz eta gaiari zegokion linka. Geroztik, asteak joan eta asteak etorri, hiru hilabete joan zaizkit txanda hartu ezinik… atzo Pello Salaburu euskaltzainaren artikulua irakurri arte.

Bai, atzo bertan Pello Salaburu errektore ohiak “Entre las 100 mejores” artikulua idatzi zuen Vocento taldearen euskal egunkarietan non, Euskal Herriko Unibertsitatearen nazioarteko maila dezente ona txalotzeaz gainera, euskal gizartea zorioneko jotzen zuen gurean dugun unibertsitatea izateagatik.

Hasieran nere buruari galdetu nion zer gertatu ote, azken hiru hilabeteotan euskal unibertsitatearen egoera horren nabarmen hobetzeko eta gero pentsatu nuen, berriz, segurutik informazio-iturri ezberdinak izan zitezkeela, beste zenbait irizpidez egindako sailkapena ezin bestean. Baina, itxura guztien arabera, harrigarri bada ere, Erromako Klubeko taldekideak Euskal Herriko Unibertsitatea errotik gutxiesteko azaroan erabili zituen datuak eta otsailean Pello Salaburuk txalotzeko, aldiz, erabili izan dituenak berdinak ezezik berberak dira.

Begirune handia diot Pello Salaburu irakasleari eta ez dut zalantzan jarriko taldekideari zor diodan konfiantza. Bata zein bestea biak iruditzen zaizkit zentzudun eta sinesgarri, baina ez da gero erraz ulertzekoa nola arraio giro bereko bi lagunek horren iritzi kontrajarririk izan dezaketen datu berberen aurrean. Botila erdi betea ala erdi hutsa leloa nonbait nagusi. Nekez gero bestelako arrazoirik.

                            La Universidad está de enhorabuena y la sociedad vasca, también

                                                                                Pello Salaburu

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: