Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bota: beste hitz gaskoi bat

Bota: beste hitz gaskoi bat

Amatiño 2011/07/24 00:05
Hainbat aldizkari eta egunkari zahar zakarretara bota behar nituela eta, tabernako hegoamerikarrak esan zidan: “No los botes antes de que los vea yo”. Segurutik oso esaldi arrunta izango da Bolivian baina neri erabat berria iruditu zitzaidan gaztelaniaz zein euskaraz aditz berbera erabili izana. Nik entzundakoa esan ote zuen galdetu eta bai, gure ‘bota’ eta euren “botar” zentzu berbereko hitzak dira antza.

Joan Corominas maisuari (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Madrid, 1980)  kontsulta egin eta, badirudi gure boliviarrak ez diola egiari zorrik. Jatorriz hitz gaskoia omen da, hots: “significó antiguamente ‘lanzar’, arrojar, tirar’ con aplicación a cualquier objeto <…> extensión semántica hoy conservada casi en toda América y en las hablas leonesas, y gallegoportuguesas, así como en el vasco bota. En el resto de España el vocablo alcanzó menos vitalidad y pronto tendió a tomar el matiz de ‘arrojar con violencia’ <…> y a especializarse en empleos especiales, ‘lanzar con fuerza la pelota’.

Eta, geroxeago, euskarako ‘bota’ delakoaz zera ezartzen du: “El vasco bota ‘arrojar, echar, lanzar’, a pesar de ser uno de los vocablos básicos de dicho idioma y aunque el máximo de popularidad de la palabra románica tenga lugar en Gascuña y en la costa del Cantábrico, habrá de ser un gasconismo muy antiguo y afortunado y no el étimo de la palabra románica”.

Zentzu honetan, okzitaniera hiztegian (Occitan/Francés. Selón les parles languedociens. Institut D´Estudis Occitans, 1996) begiratu eta ‘botar’ (ipini, jarri, kokatu),  ‘butar’ (bota, bultza, eragin) eta ‘butada’ (eragina, bultzakada, astinaldia)  moldeak biltzen ditu.

Eta Ibon Sarasolak (Euskal Hiztegia. Donostia, 2007) eskaintzen dizkigun lehen euskarazko erreferentzia idatziak, berriz: Butha (1627) eta Bota (1656), ‘jaurtiki’ eta ‘egotzi’ alegia. Hain zuzen, 'egotzi' era hau da Etxeparek (Etxepareren Hiztegia. Patxi Altuna. Bilbo, 1979) zein Axularrek (Axular-en Hiztegia. Luis Villasante. Oñati, 1973) erabilitakoa. Ez batak eta ez besteak ez zuten nonbait 'bota' behin ere erabili, gaskoia gertuan izan arren.

Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa

Euskal hitzen jatorriaren zein historiaren nondik norakoa aztertuko duen etimologia-hiztegirik ez da gurean. Hala ere, egitasmorik izan bada Euskaltzaindiak 2009ko Barne Jardunaldietan erabaki zuenez gero.

Euskaltzaindiak berak bere webgunean hitzez hitz dioenez: Euskal hitzen orain arteko ikerketa historiko eta etimologikoetatik abiatuta, eta Orotariko Euskal Hiztegian bildutako informazioa baliatuta, euskal hitzen jatorria eta historia modu sistematikoan aztertzea da asmoa, Euskal Hiztegi Historikoa nahiz Hiztegi Etimologikoa egitea ipartzat hartuta.

Joseba Lakarra euskaltzainaren zuzendaritzapean, Joseba Manterola eta Iñaki Segurola teknikariek osatzen dute lan-taldea. Milaren bat hitzen prototipoa, hiru urte iraun behar zukeen lehen fasean zehar osatzekoa zen. Horretara, urtebete baino ez zaie nonbait geratzen.

IMG_3997

Ezkerretik eskuinera, Julen Manterola, Joseba Lakarra eta Iñaki Segurola

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: