Bostehun urteko atzerapenaz
XVI. mendean, kalbinismorik puritanoenak Miguel Servet zientzialari eta teologo aragoitarra erail zuen sutan. Fanatismo hura salatu gurarik Sébastien Castellio humanistak europar zibilizazioaren oinarrietako bat idatzi zuen: "Matar a un hombre no es defender una doctrina, sino matar a un hombre. Cuando los ginebrinos ejecutaron a Servet no defendieron ninguna doctrina, sacrificaron a un hombre. Y no se hace profesión de la fe quemando a otro hombre, sino únicamente dejándose quemar uno mismo por esa fe" (Castellio contra Calvino. Conciencia contra violencia. Stefan Zweig).
XX. mendeko hirugarren hamarkadan, hainbatek ildo beretik abestu zuen gure artean: "Eusko gudariak gara, Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola, bere alde emateko". Odola eman, alegia. Ez eskatu. Are gutxiago, kendu.
Hala ere, bostehun urte geroago, elkarrekin bakeak egin behar omen ditugun abagune honetan, oraindik ere gurean bada argi eta garbi onartu nahi ez duenik, gizakumea hiltzea ez dela ideologiarik defenditzea, gizakumea hiltzea baino.
Gizakume bat hiltzea ez da doktrina bat babestea, gizakume bat hiltzea baino.
Karrarako marmolezko bloke erraldoi batean urrezko hiki larriz zizelkaturik izan beharko lukeen esaldi gogoangarria. Bai horixe! Baina guztientzat!
Azken bostehun urte hauetan zehar, zenbat aldiz ez ote da urratu Sébastien Castellionek esandakoa!
Europako erlijio gerrak, Amerikako genozidioa, Napoleón gerrak, Franko- prusiar gerra, Lehenengo Mundu Gerra, Españako Gerra, Bigarren Mundu Gerra, Koreako Gerra, Vietnamgo Gerra, ETAko terrorista gerrilla, Eki Ertaineko gerrak eta abar…
Gerra horiek direla eta, milioika gizakumeen odola xurgatu du gure planeta gaixoaren lur aseak. Hala eta guztiz ere, inortxori ere ez zaio exijitu bere doktrina edo herria defenditzeko gerran ari izanaren damua. Alderantziz, Alemaniari – Munduan ezagututako gerrarik hilkorrenen errudunari – barkatu zitzaizkion milioi askotako isunak!
Berrogei urtetan 900 hildako egin dituen erakunde armatuko kideei, aldiz, exijitzen zaie egindakoaren damua, barreiatzen zaie España eta Frantziako presondegietan, bide batez zigortzen dira euren familiak, gaixo larriek jarraitzen dute atxilotuta, euren abokatuak kartzelara bidaltzen dira eta abar…
Zergatik? Neurtzen al dira herri txikiak beste modu batez?
Eta galdera bat, gure gudariak esku hutsik eta bularra ageritan joan al ziren gerra malapartatu hartara?