Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bostehun urteko algonkin-euskara

Bostehun urteko algonkin-euskara

Amatiño 2014/05/26 22:45
Jauzarrea elkarteak antolatutako jardunaldien barruan Stephen Augustine Oinordeko Mi’kmaq Buruzagiak hitzaldia eskaini berri du Donostian, Kanadako zenbait algonkindar naziok (mi’kmaq, innu, abenaki, mohawk…) euskal arrantzaleekin izandako harremanen berri emateko.
Bostehun urteko algonkin-euskara

Mi’kmaq buruzagia, Donostian

Frogatutzat jotzen diren datuen arabera, euskal arrantzaleak balea eta bakailao bila heldu ziren Ternua eta Mi’kma’qi (Eskozia Berria) lurraldeetara 1530 urte inguruan eta, ondoko bi mendeetan zehar, makinatxo bat harreman izan zuten elkarrekin… Salerosketa, truke eta topaketa haiek nolabaiteko algonkin-euskara pidgin hizkuntza eragin zuten, euskal adierak eta moldeak tarteka-marteka erabiliz.

Jatorrizko amerikar haiek hain samur ikasi zuten eze euskaraz, Esteban Garibai historialariak euskara ez zela hain zaila adierazteko arrazoitzat erabili zuela: “…puesto que los marineros de la provincia de Guipúzcoa y del señorío de Bizcaya y el País de los vascos van cada año a la tierra recientemente descubierta para pescar y cazar, los salvajes de aquella región aprendieron su lenguage cántabro a pesar de la breve comunicación, de tan poca duración, que mantienen con la gente de aquí una sola vez al año, durante un período de menos de tres meses. Y si esa gente privada de razón y organización es capaz de aprenderlo, cuanto más fácilmente podría la gente de vida respetable de nuestro viejo mundo.”

Guztira berrogei inguru hitz eta hamarren bat esaldi dira agirietan bildu ahal izan direnak, Stephen Augustine buruzagiari ulertu genionez hiruzpalau berba baino ez diren arren egungo herritarren gogotan dirautenak (atorra, xalupa, galtzak…). Mi’kmaq herriaren tradizioari jaramonik eginez gero, berriz, euskal arrantzaleak 1320an edo heldu omen ziren, estreinako, itsasoz haraindiko lurralde haietaraino, eta euskal aztarrenak nabarmenak dira toponimian hainbat mende geroago.

Ternua

Euskal aztarrenak egungo toponimian

Mi’kmaq hizkuntzak nola-hala bizirik dirau oraindik, azken bi belaunaldiotan “zaharren bizitasuna galdu" omen duen arren. Buruzagi nagusiak berak Donostian esan zuenez, “mi`kmaq kultura ez da sekula eskolan irakatsi”, eta kantagintzan, ereserkietan eta herri-mitoetan gorde ahal izan da indartsuen.

Oro har, 25.000 dira gaur egun mi’kmaq herritarrak (berrogeitaka leinu); %60-70 erreserbetan bizi dira, heren batek baino ez du lanik lortzen eta alkohola zein drogak lar zabalduak daude. Kanadan, batez beste, hiru milioi amerindiar bizi dira, biztanlego osoaren %1 inguru.

Mikmaq mapa

Native Council of Nova Scotia

jaime
jaime dio:
2014/05/27 17:27
Izan ere, aspaldian irakurri nuen euskal arrantzale eta algonkindar edo irokésdar leinuen arteko harremanei buruz balearen arrantza izan zela eta. Antza denez, lortutako baleen koipea urtzeko eta gero kupeletan ontziratzeko asmoz, euskal arrantzaleek labeak eraiki zituzten hango kostaldeetan.
Dena hori jakina izan daiteke edo ez, baina niri gehien erakarri didan arreta izan da Algonkindar nazio honen izenak: “Mi´kmaq”-k, hain zuzen ere.
Gogoan dut, mutil koskorra nintzelarik, “Micmac” hitza oso usu erabiltzen zela frantsesez. Gaur egun ez dakit erabiltzen denentz. Gurean 100 bat urte daraman “Petit Larousse Illustré” hiztegia kontsultatuta gero, hona hemen zer dakarrena:

MICMAC: n.m. Fam. Intrigue. Pratique secrète dans un but blâmable: il y a un micmac dans cette affaire.

MICMAC: Fam. Azpikeria. Xede gaitzesgarri batentzako ezkutuko jardutea: micmac bat dago afera honetan.

Kontuan hartuz indiar leinu haiek, Kanada Britainiarrean ez ezik, Kanada Frantsesean ere barreiatuak zirela, eta gainera, nahiz frantsesak nahiz britainiarrak leinuen arteko ezinikusia eta etsaigoaz baliaturik euren interesetara erakartzen zituztela aliatuak gisan, baliteke izan Mi´kmaq leinukoak, ingelesekin batuta, frantsesen aurka borrokatzea. Hortik, “Mi´kmaq” eta “Micmac” hitzen arteko lotura, beharbada; baita “Micmac” hitzak frantsesez duen zentzu peioratiboa. Auskalo!
Dena dela, interesgarria izango litzateke ni baino askoz aditu eta jantziagoren batek zerbait esango
 
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: