Borodinen notturnoaren kimika
Ez ditut nik, inondik ere, estereotipoak maite; baina, bidenabar, aitortu behar dut kimikariak gustuko ditudala. Nolabait esateko, kimikariak ertilariak baino nabarmen zorrotzagoak iruditzen zaizkit eta, aldi berean, ingeniariak baino dezente malguagoak.
Kimikariak ziren Enrique Miret Magdalena teologoa edo Isaac Asimov zientzia fikzio idazlea. Kimikaria da Aldredo Rubalcaba politikaria eta, gurean, kimikariak ditugu Ramon Labaien, Josu Jon Imaz eta Josune Ariztondo. Hala ere, kimikaririk ustegabekoena Alexander Borodin musikaria izan zen, XIX. mendearen hondarrean errusiar eresi abertzale eta erromantikoa aldarrikatu zuen Bostak taldeko bat, Mili Balákirev, Cesar Cui, Modest Músorgski eta Nikolái Rimski-Kórsakovekin batera.
Alexander Borodin (San Petersburgo, 1833-1887) kimikaria izan zen ikasketaz, lanbidez eta dirubidez. Eta ez erdipurdikoa, bere arloan (aldehidoak) garaiko adituenetakoa baino.
Ereslari gisa, aldiz, arrunt autodidakta. Umetatik txirula, pianoa eta biolontxeloa jotzen ikasi arren, ez zien musika-ikasketei ekin hogeita hamar urte bete zituen arte. Hala ere, ondoko hogeitaka urtetan hiru sinfonia eta edozenbat serenata, kanta zein eresti burutu zituen eta, besteak beste, historia guztiko errepertorioan aurki dezakegun notturnorik ederrenetakoa.
Borodinen notturnoa polita da aurrenengo bider entzuten denean; plazer handia, bigarrenean, eta bekatu larria, berriz, hirugarrenean. Ez biharko utzi.