Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Borja Sémper

Borja Sémper

Amatiño 2020/01/21 09:00
Borja Sémper Gipuzkoako Alderdi Popularraren lehendakariak, Euskadiko PPren erreferentziarik nabarmenenetakoak, politika utzi du. Sémperren aitzakiaz, aukera aproposa politikaren balioa aldarrikatzeko, politikariak erraz gutxiesten ditugun gizarte honetan.

Politikariak ez dira, gero, hutsaren hurrengo. Ezin bestekoak dira demokrazia kudeatzeko. Eta hau azpimarratu beharra dago, arin samar onartzen ditugu-eta, herritarren ordezkaritzarik ez izan arren, herriaren izenean mintzo balira bezala hitzegiten dutenak.

Futbolean denak Messi ez diren bezala, ezta politikan ere. Euskal Herrian 5.000 inguru lagun daude hauteskundeetan aukeratuak, euren zerbitzu publikoarengatik gure errespetua merezi dutenak. Nago, ez litzatekeela kalterako izango, hiritar guztiek urtebetez-edo erakundeetan lan egin behar izatea, administrazio publikoa barrutik ezagutu ahal izateko.

Sémperrek 17 urte besterik ez zituen politikan sartu zenean. Ez zen sartu beste zereginik ez zuelako, konpromiso gorritan baizik. 1995eko urtarrilean --etzi beteko dira 25 urte--  ETAk Gregorio Ordoñez Donostiako kontzejal popularra erail zuen eta Borjak bere burua aurkeztu zuen, bost hilabete geroago, Irungo udal-hauteskundeetan. 1997an, berriz,  ETAk Migel Angel Blanco Ermuako zinegotzi popularra erail zuen. Bata zein bestea “herriaren izenean” hil zituzten, zure eta nire izenean, nonbait. Borjak ez zuen hanka egin. Jakitekoa litzateke gutako zenbatek jarraituko ote zukeen zinegotzi, giro hartan.

Borjak 16 urte egin zituen kontzejal. Beste hamarren bat bestelako kargu eta arduretan. Hogeiren bat urte bizkartzainez inguraturik. Jarri al gara inoiz pentsatzen zer izan leikeen aldamenean bizkartzaina eraman behar izatea, goiz eta arratsaldez, zazpi egun astean, hainbat urte luzetan?

Borja Sémperrek politika lagatzea erabaki du. Politikan sartzen jakin behar da, baita ateratzen ere. Sartu eta irten, Borjak biak egiten jakin du. Inor gutxietsi eta mespretxatu gabe. Beti ere, Azkoitiko Zalduntxo ilustratuen pareko bailitzan, bere ideiak modurik lasaien eta demokratikoenean defenditzen. Eta hori, kolore batekoa zein bestekoa izan, eskertzekoa da.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Jon
Jon dio:
2020/01/21 15:37
Ahaztu gabe, bera erailtzeko saiakerak izanik, jarraitu duela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: