Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Black Friday, Fair Saturday

Black Friday, Fair Saturday

Amatiño 2018/11/20 09:00
Hurrengo asteburuan sumatu ahal izango ditugu, gure artean, euskal dominaren bi aurpegiak. Ostiralean, Black Friday eta, larunbatean, berriz, Fair Saturday. Deitura biak ingelesez, gero eta mundializazio nabarmenagoaren adierazgarri.

Black Friday, zenbait sofismaren gainetik, ezer izatekotan kontsumo-eguna da. Kontsumitzeko ez ezik, kontsumoa goratzeko eguna, kontsumoaren erregetza gurtzeko eguna.

Euskal hiritarren %46k hirurehunen bat euro gastatuko omen ditu bakoitzak; hau da, guztira 450 milioi euro besteko erosketak, zeinetatik, erdiak inguru, internetez egingo diren. Hau da, euskal dendetatik kanpora eta salerosketei darizkien zergak euskal erakundeei ordaindu gabe.

Jakina, inork ez gaitu horretara behartzen. Egiten dugu ahal dugulako eta nahi dugulako. Nolabait esateko, gure esku dagoelako. Martxa honetan, egunen batean esnatu edo izartuko gara, kale-bazterreko dendarik gabe eta erakundeen aurrekontuak orekatu ezinik baina, tira, gero gerokoak.

Ostiral biharamunean, berriz, larunbatez, Fair Saturday, artearen eta kulturaren bitartez mundua aldatzeko eguna. Black Friday baldin bada Estatu Batuetan asmatu eta munduan barrena zabaldu den kontsumo zoro eguna, Fair Saturday da Euskal Herrian sortu eta mundu zabalera ialgi nahi den elkartasun-egun justua.

Orain lau urte eskas hemen asmatu eta bertako 17 kanta-taldek ereindako haziak milaka ekitaldi bilduko ditu aurten, hainbat naziotako ehundaka hiri eta herrialdetan zehar, eta miloika lagun elkarlanean jarriko.

Euskal Herriko ekitaldirik nagusiena Bilbon eratuko da. Sei-zazpi mila ikusentzuleren aurrean, mila inguru kantari arituko dira elkarrekin oholtza gainean, Benito Lertxundi tarteko.

Black Friday eta Fair Saturday. Domina berberaren aurpegi kontrajarriak. Gizarte anitza omen da gurea. Anitza eta trabesa. Dóctor Jekyll eta Mister Hyde, biak bizi dira-eta gure baitan. Hyde jaunak, antza, aurrea hartu duen arren.

EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: