Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bizkaitarrek ez lukete Bilboko portua itxiko

Bizkaitarrek ez lukete Bilboko portua itxiko

Amatiño 2013/06/17 13:00
Pasaiko portuak lehiakor iraungo badu (iraungo badu, alegia) kanpoko itsasbazterrera atera beharko du. Hau da, orain jakin den arren, Patxi Lopezen lehendakaritzapean burututako txostenak dioena. Ondorio berberera heldu zen Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila… 2002an.

Hamar urte geroago, beste behin, hiru aukerabide aztertu ditu Mugikortasun Iraunkorra eta Logistikako Euskal Erakundeak, Pasaiako portuaren etorkizunaz:

 Dagoen-dagoenean bere kasa utzi, maldan behera.

 Epeka ixteko zorian abiatu, ingurunea eraberritu eta herritaren erabilpenerako egokitu.

 Kai eta nasa berriak Jaizkibel barreneko itsasbazterrean eraiki eta barruko portualde guztia eraberritu eta hiritu.

Segurutik hiru aukeretako bakoitzak alde onak eta txarrak ditu, eta nork bere eskubidea du hobetzat jotzen duenaren alde azaltzeko. Baina, zein nahi delarik aukera, nahitaezko da kontuan hartzea zertzelada bi:

 Azken txostenaren ondorioa ez da berria. Barrena hamar urte zahar da. Erabakiak hartu egin behar dira, eta erabakiak hartzea ez da, antza, gipuzkoarren dohainik handiena.

 Erabakiak ez dira neutroak. Ezin da solomoa eskatu eta zurrupatu nahi izan… biak ezin.

Ingurumen-baldintzak ezin dira alboratu, ahaztu ezin den bezalaxe portuak Pasaialdeko 6.000 lanpostu (2010) inguru eragiten dituela, eskualdeko enpresen lehiakortasuna areagotu eta, zergatan, 70 milioi euro besteko diru-sarrerak bideratu.

Heldutasunari zein erantzukizunari darie erabakiak hartu beharra. Eta, gero gerotan, zer egin jakinezta noraezean geratzea ere erabakia da. Bigarren eta hirugarren aukerak uxatzea lehenengoaren hautua egitea besterik ez da. Eta, ez ahaztu, aurrenengo aukera dela, hain zuzen, batere etorkizunik ez duena.

Nik ondo ulertu badut, berandu baino lehen Pasaiak barruko portu komertziala galduko du, eta ingurugune guztia eraberritu eta hiritu beharko du, kanpoko kaiak eta nasak egin edo ez. Beste modu batez esanda, pasaitarren hautabide bakarra zera da: ala barruko portu zaharra aisileku bihurtu eta kitto, ala barruko portu zaharra aisileku bihurtzeaz gainera kanpoan portu berria eraiki.

Ni ez naiz pasaitarra eta azken bolada honetan ez dakit Gipuzkoak merezi nauen ere. Baina ez du balio beti bizkaitarren enbidiaz bizi izatea, bizkaitarrek denetik dutela behin eta berriz esatea eta, aldi berean, Gipuzkoako portua ixtea. Nik ez ditut bizkaitarrak imajinatzen Bilboko portua ixten.

pasjes

Ezkerraldean, kai eta nasa berrien egitasmoa, Jaizkibel barrenean. Eskuinean, Pasaia eta egungo portua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: