Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mendilerroan zehar

Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mendilerroan zehar

Amatiño 2020/08/19 09:00
Elgoibar eta Markina bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko muga-seinale bien artean bertan, Urkaregi gainetik iparraldera ateratzen den pista hartu eta, hogeitaka kilometro haratago, txirrindularia heldu ahal izango da, aukeran, Ondarroara, Mutrikura edo Debara. Ez du galbiderik, joan eta joan, itsasoa ikusi arte. Nik estreinako ezagutu nuenean dena estrata zen arren, orain, zati handi bat autoz ibiltzeko besteko baserri-bidea da, Markina, Mutriku eta Debaraino.
Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mendilerroan zehar

Porlan estua baina erosoa

Orain hurrengo aitortu nuen ez nintzela gauza izan Kalamuatik Urkaregi arteko mendi-zidor zaharra aurkitzeko*. Urkaregitik Kostolamendiraino ez dago, ordea, batere aitzakiarik. Arnoateraino zagor-zidorra dago; hemendik aurrera, pinari-pista edo, Jaungoikomendi barrenetik, Damukorta baserriaren langaraino, eta Damukortatik aurrera –galipotez edo porlanez-- Imintxola baserrian zehar, bi aukera garbi: ezkerretara, Markinako Larruskainera kristoren maldan beherako aldatsa, Amalloa erreka-zuloaren barrena; edo, eskuinera eta gorantzako bidea hartuz gero (seinale argia dago bidegurutzean), Kostolamendiko Gorostola baserriraino.

Kostolamendi gainean beste bi hautu egin daitezke: Iparralderantzako bidea (nik azken 30 urteotan egin ez dudana), Gorostola baserri-ostetik, Tontorramendi, Santa Kurutz ermita eta Burgoa baserritik, Ondarroako portu-gaineraino heltzen dena;  edo ekialderantzakoa, Donejakue bidea jarraituz, etenik gabeko maldan behera, Mutrikuko Olatzeraino.

Behin Olatzen, beste hautabide bi daude. Jaitsi artez arte, besterik gabe, Mutrikuraino edo, beherantzakoan, Ibiritxo baserri parean eskuinera hartu, Arnopeko pilotalekuraino igo (Eskolaetxe, Bidekoa, Moteaga eta Izarbide baserrietan zeharreko aldapa larrian), eta Kalbaixo gainera iritsi.

Kalbaixo gainetik bi jaitsiera dira ezagunenak, Mutrikurakoa edo Sasiolarainokoa; baina bada hirugarren bat, izugarri polita, batere ohikoa ez dena. Alegia, Sasiolarantz jaisten hasi eta, kilometro batera edo, Deba ibaiaren ikuspegia agertzen den bihurgune berean, ezkerretara sartu lotsarik gabe (inguruko bizilagunen autoentzakoa baino ez da) Laranga auzora (San Juan eta Pikua), lehenik, eta Arbe aldera, gero, aldapan behera itsasbazterrera eramango gaituena, Mutriku eta Deba arteko errepideraino.

Hain zuzen ere, alderantziz, Debatik hasi eta Debaraino eraman gaitzakeen zirkularra zera litzateke: Deba, Arbe, San Juan, antena, Kalbaixo, Olatz, Kostolamendi, Imentxola, Damukorta, Arnoate, Urkaregi, Elgoibar eta, berriro, Deba. Guztira berrogeitaka kilometro. Berrogeitaka urterekin berrogeitaka kilometro egiteko gai ez denak hobe du etxean geratu.

Kalamua Urkaregitik
Kalamua gaina, Urkaregitik Arnoatera bitarteko zidorretik ikusia. Gailurretik behera, orain 35 urte bizikletaz jaisterik zegoen garo-saila, gaur egun nik berraurkitu ez dudan bidea.

Seinaleak
Arnoateko bidegurutzea. Munduaren erdigunea omen.Donejakue bidearen betidaniko aterpea.

Arno
Barrenean Arno gaina, Kostolamenditik ikusia. Eskuinerantz doa, Donejakue bidea, Jaungoikomenditik Arnoatera. Garai batean hortik zihoan ezinbesteko estrata latza. Orain porlanezko bidea dago Damukorta baserriraino.

Donejakue bidea

 

 

 

.

DONEJAKUE BIDEA, horiz, Debatik Markinaraino, eskuinetik ezkerrera, Arnoaten zehar (hemen gaude). 

-- Arnoatetik doa, argazkiaren ezkerraldeko erpin edo ertzera,  Urkaregirainoko bidezidorra,  irudian sumatu ez arren.

-- Kostolamendi da, argazkiaren erdi inguruan, marra horiaren bihurgunerik gorena. Bertatik ateratzen antzematen da Larruskainera (Amalloa harana) doan bide urdina. Eta eskuinaldera, berriz, Ondarroarako bidezidorrak.

-----------------

* Orain badakigu Kalamuapeko "parlamentutik" Urkaregira joateko bidezidor aproposa dagoena, Unamuntzaga auzoraino,  Hiruiturritik zehar.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: