Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bizkaia apal

Bizkaia apal

Amatiño 2013/06/01 23:55
Atzo goizaldeko ordu txikietan hil zen Kepa Uriarte, azken hiruzpalau hamarkadotan bizkaierak izan dituen irrati-gizon nabarmenetakoa. Euskaldun fededun, abertzale sutsu eta isil-misil, gaur arratsaldean agurtu dugu Bakioko San Pelaio baselizatxoan, Gibelortzaga auzoan.
Bizkaia apal

Kepa Uriarte

Gibelortzagako San Pelaio (Donepelai > Eneperi) auzoan bertan jaioa (1953), Bilboko Herri Irratiak 1975etik aurrera eman zuen “barriketabako” euskal belaunaldiaren fruituetako bat genuen Kepa Uriarte: Adolfo Arejita, Angel Mari Unzueta, Xabier Berruetabeña, Jesus Mari Iraolagoitia, "Eguzki", Jesus Etxezarreta, Pedro Mari Goikoetxea eta Kepa bera, besteak beste.

Larre motzekoak, behargin sutsuak, baserriko semeak edo herri txiki samarretakoak denak ere. Euskaraz gaztelaniaz baino hobeto egiteko Bilboko gau-eskoletara joan behar izan ez zuen andana, sekula bizkaierari muzin egin ez zion gazteria.

Lar ezagunak dira Bizkaitik kanpo bizkaitarrei leporatzen zaizkien hantustea, handinahia eta harropuzkeria. Ez da hori inondik ere egia, ordea. Horrela uste duenak, edo ez du Bizkaia ezagutzen edo zeharo nahasten ditu hiri handietako kalekumeak eta baserri-girokoak.

Are gehiago, esango nuke esan Bizkaiko herri txikietako biztanleak birritan direla nabarmen apalak. Batetik, herrixketako jendea edonon izan ohi delako apalantza hiriburuetako herritarren aldean. Eta, bestetik, bizkaieraz mintzo den euskaldunak betidanik agertu behar izan duelako apal asko giputz orojakilearen aurrean.

Agur eta ohore, beraz, Kepa Uriarte lagun isil eta barnerakoiari. 1980ko hamarkada eskani zion Herri Irratiari eta ondoko biak, berriz, Bizkaia Irratiari. Zuzendaritza-lanetan jardun eta publizitateaz arduratzeaz gainera, hainbat irratsaio burutu zituen nekazaritzaz, trikitixaz zein erlijioaz. Instituzio bat zen bere lan-arloan. Eta guztia gutxi bailitzan, Kepa Uriarte bere udalerriko Kultura zinegotzi izan zen, EAJren Uri Buru Batzarraren lehendakari eta Bakioko bertako landa-etxe baten kudeatzaile. Sekula ez zuen esan bizitza erraza zenik eta ondotxo zekien ez zuela minbiziaren ataka gaiztoa gaindituko.

Bizkaia apal, atzo Eneperin entzun nuen, zure berbaren oihartzuna, zure kantaren fereka, bihotzean kilika, eta ohiartzunaren haunditasunean murgilduz joan nintzen, jauzika, hegaka…

KepaUriarte

Gaur arratsaldeko hileta, Bakioko San Pelaio baselizatxoan. Bozgorailuak jarri behar izan dituzte kanpoan, sartu ezinik geratu direnak, barruan lekurik aurkitu dutenak baino bi edo hiru bider gehiago izan direnez gero.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: