Bizitzaz haraindi
Sasi-zientzia edo erdipurdiko literatura ugaria dago hil ostean berriro bizitzara itzultzen omen direnen ahotan jarria. Life after life - Vida después de la vida (Raymond Moody, 1975), Life at Death (Kenneth Ring, 1980) eta beste hainbat best-seller klasiko izan badira gertakari paranormalak gustuko dituztenentzat anglosaxoi merkatuan, istorio hauek askoz sinesgarriagoak baitira ingelesez.
Hala ere, honelako esperientziak ezagutzeko ez dago Ipar Ameriketaraino joan beharrik. Nik neuk hiruzpalau kasu ezagutzen ditut eta, aurrena, 1976an edo lankide nuen prentsa-argazkilari iruindarrari gertatua.
Kontua da lankidea istripuz zerraldo geratu eta hiltzat jo zutela zenbait minututan, gero konortera bihurtu aurretik. Oraindik ere gogoan dut erredakzio-lanera itzuli zen egunean zein serio eta xehetasun handiz kontatu zizkigun bizitzaren mugaz bestaldean antzeman zituen pasarteak.
Geroztik beste pare bat kasu ezagutzeko aukera izan dut lanbidez zein zeharbidez, eta hona non orain, aurreko astean, beste lagun batek (kazetaria ere, azken bolada honetan zinegintzaren gibelean diharduen arren), bihotzekoak jo eta kordea galdu ostean, holakoetan errepikatu ohi diren sekuentziak errenkadan “bizi” izateko aukera izan duen.
Alegia, bere arima, espiritu edo dena delakoa hilotzetik ateratzen hauteman, norberaren soinez kanpoko ikuspegi zenitala begitandu, argi izpi zuri distiratua tunelpean kirikatu, minik eza eta aroltasun nabarmena sentitu, aurretikako bizitzaren balantza lasterra gogoratu eta azkenean, berriz, sekulako bakardadea eta hutsartea antzeman.
Seguru gero hau guztia erabat ezina bezain sinesgaitza dela baina, zer gerta ere, ezinbesteko galdera zera da: zergatik elkarren berri batere ez duten gizakiek irudimen berdin-berdintsuak (omen) dituzte horrelako hilzori edo trantze zail beretsu horietan?
Erantzunen bat edo beste eman gurarik egin du gure Clint Eastwood handiak Más allá de la vida filma. Entretenigarri samarra denik ezin uka, erantzunik ematen duenik ordea... ezta inondik ere.
Matt Damon, Bryce Dallas Howard, Cecile De France eta Clint Eastwood
MAS ALLA DE LA VIDA (Hereafter). Clint Eastwood-en maisutza ez dago zalantzan. Oraingo honetan are gutxiago Peter Morganen haria, bera ere bizitzaz haraindi egondakoa baita. Baina, Georgek (Matt Damon) dioenez, behar bada “haraindia” egon badago, baina non dagoenik inork ez daki. Filmak balio du, agian, ordu bi pasatzeko (bigarren ordu erdia luze egiten da), baina ez dio ikusentzuleari aurrez dakienik sakontzen eta, are gutxiago, ez dakienik argitzen. Ziurrenik zer argitu gutxi dagoelako.
Erabat sinesgarria, aldiz, film-hasierako tsunamia. Ez soilik ikaragarri ondo egina delako, baita duela zazpi urte benetan gertatu eta ikusi ere telebistaz ikusi genuelako. Benetakoa delako.