Bizitzaren zuhaitza, natura ala fedea?
Eta Jainkoak esan zuen: "Izan bedi argia". Eta izan zen argia
El árbol de la vida (The tree of life) filmaren aurrean ere lar erabakitzaile sumatzen dut nik han-hemenka. Zenbaitentzat, zinegintzan sekula egin den ikuskizunik aipagarrienetakoa eta beste hainbatentzat, aldiz, formetan galtzen den adarjotzerik nabarmenena. Benito Lertxundik salatu bezala, "formak onak dira, bai, formetan ez bazara galtzen", eta beldur naiz Terrence Malick ez ote den, sarritxoegi, formetan galtzen.
Filmean zehar Malick-ek O’Brien jaunaren (Brad Pitt) ahotan jartzen du subjektibotasunaren ezaugarria, zuzendariak berak ikusleei edozer eskaintzeko nolabaiteko bulda eskatuko balie bezala. Alegia, “hau nire ikusmoldea da, zuk filma ikusi eta kitto; ez gero neuregana ezeren frogarik eskatzen etorri”.
Irudi zoragarriak, musika ederra eta kamera-lana (ez ote telebista, zinea baino gehiago?) mundiala. Hala ere, 141 minutu luzetxo da, heren bat aspergarri samarra eta azkenean, kreditoak agertu orduko, ipurdiko minez noiz amaituko zain.
Ondo Brad Pitt, hobeto Jessica Chastain, alferrik galdua Sean Penn eta, ene irudiko, ikaragarri aparta bigarren semea, Laramie Eppler.
Ez da inondik ere zine komertziala. Ez da lantzean behin igande arratsalde euri-lanbrotsua pasatze aldera zinean sartu ohi den bikotearentzat filmik aproposena. Baina, betiko baina, esanak esan, adituek eta kritikoek iragarri baino jende nabarmen gehiago ari da bertaratzen. Ez, ez da fede-kontua, txarteldegiko diru-sarreren datuek diotena baino.
Sean Penn, Laramie Eppler, Jessica Chastain eta Brad Pitt