Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bistarik onenak? Mendexako pilotalekuarenak

Bistarik onenak? Mendexako pilotalekuarenak

Amatiño 2021/04/03 16:05
Aurten 100 urte beteko ditu Mendexako frontoiak. Merezi du bisita. Pilota-partida ikusteko jarri eta, eserlekutik mugitu beharrik gabe ere, begi-bistan dira, kristalera itzelez, zinemaskopez, Getariako arratoia, Aiako harria, Jaizkibel eta, barrenean, Larrun. Ez da pareko pilotalekurik munduan!
Bistarik onenak? Mendexako pilotalekuarenak

Basazainek ez dute bizikletarik gogoan

Ondarroatik Lekeitiora, 13,5 km. jira eta bira, itsasbazter-bazterretik, jaiegunetan bidegorria ematen duen bide bihurria doa, oinezkoez eta txirrindulariez josia. Lekeitiotik Ondarroara, aldiz, 500 m. laburrago gainez gain, Mendexan eta Asterrikan barrena, eukaliptus artean, gurdibide izenik ere merezi ez duen zidor aldatsuan zehar, oinezko gutxi dabil eta txirrindularirik, ordea, despistaturen bat edo beste. Ostegun goizean, egia esan, bi besterik ez: ezustean errepide-bizikletaz lokatzetan sartutako azpeitiarra eta “hau niretzat baino gehiago da” aitortu zidan neskatila. Biak ere, ausartak... gazteak.

Asterrika munduaren erdi-erdian dago, Berriatuatik itsasorako medilerroan eta Ondarroatik Lekeitiorako ardatzean. Leku argia, irekia, zabala, eguzkitsua eta patxadatsua. Garo-giroa, kresalaren usainetan. Asterrikarrak “berrittuarrak” dira. Hau da, berriatuarrak, Berriatukoak.

Mendexa, ostera, udalerria da lau auzotan banatua: Zelaia, Iturreta, Leagi eta Likona. Aukeran, kanpoko gutxik ezagutzen du Zelaiko elizondoko pilotalekua, 1921 urtean eraikia eta 2011an eraberritua, kristaleraz itxia. Aurten 100 urte beteko ditu. Merezi du bisita. Pilota-partida ikusteko jarri eta, eserlekutik mugitu beharrik gabe ere, begi-bistan dira Getariako arratoia, Aiako harria, Jaizkibel eta, barrenean, Larrun. Ez da berdinik munduan!

Asterrikatik Mendexara, sekulako itsastalaia, gero. Besteak beste, Bermeo aldetik Baionako barraraino. Zeinek eskain dezake gehiago?

ZelaiaAsterrika
Goiko ezkerraldean, Mendexako Zelaia eta Iturreta auzoak. Beheko eskuinaldean, Asterrika. Bien artean, eukaliptus basoan zehar, bidezidor-sarea.

Asterrika seinaleak
13,5 km. Ondarroatik Lekeitiora, eta 4,9 km. Asterrikatik Mendexara. Hauetatik, 4 km. inguru mendizidorrez.

Asterrika gainez gain
Lau kilometro inguruko bidezidorra, gainez gain. Ez da autobidea baina bostehunen bat metro izan ezik, pasealeku aproposa. Ezkerraldean, argazkian agertu ez arren, begi-bistan, Amoroto.

Asterrika auzoa
Asterrika, kresala inguruko garoa.

Asterrika gaviota
Itsas-ikuspegia Asterrikarako errepidetik. Aurrez aurre, Lekeitioko muturra eta, barrenean, lehorretik 8 kilometrora, Gaviota gas-plataforma.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: