Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bilintxen menda, mendeurrenaren aperitibo

Bilintxen menda, mendeurrenaren aperitibo

Amatiño 2021/05/07 23:00
Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” (Donostia, 1831-1876) bertsolaria jaio zeneko 190. urteurrena dela-eta, Donostiako Udalak haren omenezko hamabostaldia* antolatu du, maiatzaren 2tik 14ra bitartean, “Bilintxen menda”** izenburupean.
Bilintxen menda, mendeurrenaren aperitibo

Biyotz erituba

Nik, hogeiren bat urte nituela, ez nekien Bilintx nor zenik ere, nahiz lagunarteko afalosteetan haren hainbat bertso sailean kantatu. Auskalo, gaur egun, hogeitaka urteko gazte-jendeak ba ote dakien nor izan zen Bilintx, baina postura egingo nuke inor gutxi dela gauza haren bertso solteren bat ere buruz kantatzeko.

Bilintx zena testuinguruan kokatzekotan, aukeran letorke aipatzea garaikide izan zituela Etxahun (1781-1862), Iparragirre (1820-1881) eta Xenpelar (1835-1869). Garai erromantiko berekoak izateak ez du esangura, ordea, ezpal berekoak zirenik. Ezagun samarrak badira ere Xenpelar bertsolariaren eta Iparragirre kantariaren arteko aldeak, are nabarmenagoak izan ziren Bilintx eta Iparragirreren arteko berdintasunik ezak, nahiz Bilintx bertsolari peto-petoa ez izan.

Bilintx ez omen zen sekula Euskal Herritik atera (Donostiatik ere ez, segurutik, sarri), eta Iparragirre, aldiz, ia-ia ez zen Euskal Herrian “sartu”. Bilintx liberala karlisten granadak hil zuen, eta Iparragirrek, ordea, karlistekin batera alde egin zuen etxetik. Bilintx “Moko” itsusi samarrari emakume-usainetan pasatu zitzaion bizitza, eta Iparragirre lerden galaiak, berriz, erruz bildu zuen larrain horretatik. Bilintx bizkorra eta zirikatzailea bazen, Iparragirre, berriz, arnasa luzeagoduna. Bilintx, bihotza, eta Iparragirre, arima. "Behin batian Loiolan, erromeria..." eta "eman ta zabal zazu, munduan...". Bilintx liberala eta Iparragirre karlista? Ez ote ziren, zenbait une eta jarreratan, behintzat, trebes samarrak?

Auskalo, gero, nori otu ote zaion 190. urteurrenik ospatzea. Onartu beharko ez dela ohikoa. Eta biziki zoriontzekoa ere bada, batere losintxa-arriskurik gabe. Hala ere, Bilintxen oroitzapen-hamabostaldiaren erdia besterik pasatu ez den arren oraindik --eta antolatzaileen meritua eta ETBren ("Biba zuek") ekarpena ukatzeke--, susmoa dut ez ote diren ekitaldiok Donostialdeko euskal mundutxo bertsozalearen baitan baino geratu. Pandemiak ere ez du batere lagundu, egia esan. Ezta sarrerak merkeegi (5,90€!) jarri izanak ere. Autoestimua eta aintzakotzat hartzea soka bereko muturrak izan ohi dira.

Nahita edo hainbarik, "Bilintxen menda"  ekimen ona izateaz gainera, abagune aproposa izan daiteke bigarren mendeurren osoa prestatzeari ekiteko. Bai proposamenak jasotzeko, bai programa osotuagoa eta hedatzaileagoa burutzeko eta, zergatik ez, baita dirua "aurrezten" hasteko ere, ez dezan  inork, 2031 urtean, finantza-aitzakia jartzerik izan.

 

*Egitaraua.

** Xabier Euzkitzek proposatua,  "Bilintxen menda" izena, donostiarraren bertso hau gogoan hartuz:  Askok diyote kantetan beti, amore-kontu naizela / nik esaten det arriturikan, motibo gabe daudela. / Zer egin biat baldin zerubak, doaitu banau horrela? / Ez dute ikusten usaia mendak, bere izatez dubela? / Nire biyotzak amoriyua, mendak usaia bezala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: