Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gernikatik New Yorkera, Berlinen zeharreko odisea

Gernikatik New Yorkera, Berlinen zeharreko odisea

Amatiño 2020/10/03 14:10
Ez da gero erraza ia lau urteko testuingurua ordubetez islatzea eta are zailago, segurutik, 507 eguneko barne-egunkaria monologo batez laburbiltzea, baina Bernuesek, Telleriak, Rikartek eta Salvadorrek lortzen dute elkarrekin, ordubete soilez, historiako pasarte interesgarri bezain entretenigarria eskaintzea.
Gernikatik New Yorkera, Berlinen zeharreko odisea

Herenegun eta atzo, Bilbon. Gaur eta bihar, Donostian

Franco, 1937ko ekainean, Bilbon sartu eta, Jose Antonio Agirre lehendakariak Parisera alde egin behar izan zuen, gero Bartzelonara, eta 1939an, Frantzian zehar, Belgikara non, ezustean, egokitu zitzaion II. Mundu Gerraren hasiera eta, ondorioz, alemanen sarrera. Naziek atxilotu eta Espainiara bidaliko ote zuten beldur, Dunkerkera abiatu zen, Ingalaterrara ihes egiteko asmotan. Baina, ezinaren ezinez, Bruselan ezkutatu behar izan zuen sei hilabetez jesuiten komentuan. Panamako kontsulak iradoki zion ihes egiteko ez ote zen aproposena izango Berlinera joatea, Gestapori sekula otuko ez zitzaiolakoan han bila aritzea. Hartara, Jose Andrés Alvarez Lastra doktore panamarra bailitzan mozorrotu, lau hilabete Berlinen egin, handik, Panamara “etxeratzeko”, Suedian zehar Brasilera heldu eta, azkenik, Rio de Janeirotik New Yorkera, 1941eko abuztuan.

Hau da, laburbilduz, “De Gernika a Nueva York pasando por Bilbao” Agirre lehendakariak berak idatzi eta 1943an estreinako argitara eman zuen odisea, eta egunotan Bilbon zein Donostian jokatzen ari den ordubeteko antzezlana. Patxo Telleriak egokitua, Iñaki Salvadorren zuzeneko piano-musikaz eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Antzerkilari bakarra, berriz, Iñaki Rikarte.

Ez da gero erraza lau urteko testuingurua ordubetez islatzea eta are zailago, segurutik, 507 eguneko barne-egunkaria monologo batez laburbiltzea, baina Telleriak eta Bernuesek lortzen dute, ordubete soilez, historiako ikasgai interesgarri bezain entretenigarria eskaintzea, hondarrik gabeko ur handitan sartzeke, doktrina nabarmenik eta propaganda kutsurik gabe. Gertatua berez da ezohikoa, kontakizun moldeak ez du ezelango gehiegikeriarik behar, pertsonaiak badu --adorea, umorea eta ingenuitate punttuaz gainera-- ukaezinezko sinesgarritasuna eta bere diskurtsoa arrunt unibertsala da egun.

Egokia eta benetan ondo asmatua artxiboko argazkien, eszena-argiaren eta zuzeneko musikaren arteko jokoa. Agian, zenbait unetan, apur bat behartuegia antzezlea, bere bakardadean, eta, zentzu honetan, osagarri bezain aringarri gertatzen dira tarteka-martekako elkarrizketa-audioak, euskaraz, gaztelaniaz, "panameraz" nahiz frantsesez.

JAAgirre Jose Alvarez
Iñaki Rikarte, Jose Antonio Agirre, José Andrés Álvarez Lastra
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: