Bilboko Filarmonikak 125 urte
Ez da aurrenengo aldiz Rudolf Buchbinderek jotzen duena Filarmonikaren areto ederrean. Gutxienez bost bider egona da Bilbon eta, orain hurrengo, 1982an. Berrogei urte ez dira gero artaleak baina ez behar bada larregi, hirurogeitaka daramatza-eta jendaurrean. Bost urte baino ez zituela hasi zen pianoa jotzen, bederatzirekin lehen kontzertua eskaini eta hamaseirekin saria irabazi, europar gazte piano-jotzailerik ikurgarrienetakoarentzat. Bere curriculuma kirikatu besterik ez dago.
Bilboko Filarmonika Elkartearen curriculuma ere ez da, gero, bazterrean alboratzeko modukoa. 1896an sortua (Athletic Cluba baino bi urte lehenago), aurtengo maiatzean bete zituen 125 urte. Elkarteak 1904 urtean eraiki zuen frantses estiloko egoitza modernista, Portuko Markesaren kalean, non bertan dirauen ia 120 urte geroago.
Mende luzean zehar, 3.107 kontzertutan, bertatik pasatu izan dira musika klasikoaren arloan Europan barrena izan diren artistarik ospetsuenak. Piano-jotzaileak (Arthur Rubinstein, Kristyan Zimerman, Christian Zacharias, Lang-Lang…); txeloak (Pau Casals, Miroslav Rostropovich…); gitarrak (Andrés Segovia, Narciso Yepes… ); kantariak (Montserrat Caballé, Teresa Berganza...); konposatzaileak (Richard Strauss, Enrique Granados, Manuel de Falla…) eta Alemania, Austria, Erresuma Batua, Israel, Japonia , Suedia edo Estatu Batuetako orkestrak.
Inoiz bertan izan diren euskal musikaririk ospetsuenak aipatuko baditugu, berriz, Maurice Ravel, Jesús Guridi, Jesús Arambarri, Aita Donostia, Pablo Sorozabal, Joaquin Achucarro, Félix Ayo, Nicanor Zabaleta, Katya eta Marielle Labèque, Andres Isasi etab. etab.
1960ko zinema-garaia
Askorik aipatu ez arren, 1960 eta 1970 hamarkadetan bigarren mailako zinema-aretoa ere izan zen Bilboko Filarmonika. Auskalo gerra ostekoa garai txarra izan ote zen musika klasikoarentzat, baina ni neu behintzat, gazterik ikasle Bilbon, sarri joan izaten nintzen lagunartean.
Gogoan dudanez, 1961-62 inguruan ez zen lekurik txukunena, ezta garestiena ere; “sesión continua” zeritzan moldez eskaini ohi zituzten filmak eta, etenik gabe (argia sekula amatatu barik) luzaro irauten zuenez, praktikan, norberak nahi edo imajina zitzakeen ia gauza guztiak egin zitezkeen.
1980eko hamarkadatik aurrera, ordea, Schubert eta enparaua dira berriro nagusi bakarrak. Urte askotarako izan dadila, beste 125 urterako bai, barrena.