Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bilboko eta Euskadiko Nazio Orkestra

Bilboko eta Euskadiko Nazio Orkestra

Amatiño 2013/02/06 22:00
“Lo que no puede ser es que Bilbao y Urkullu, dos vizcaínos, acuerden llevarse la sede” puzkertu du Ramon Labaien Kultura sailburu ohiak. Hori baldin bada Euskadiko Orkestraren egoitza Donostian kokatzearen aldeko argudiorik handiena, norbaitek azaldu beharko liguke zergatik Labaienek eta Olaizolak, bi giputzek, eraman zuten egoitza Donostiara.

Bilbotarrok eta donostiarrok –donostiarrok eta bilbotarrok— euren ika-mika partikularretan ikaragarri eroso sentitu ohi diren arren, Euskadi ez da, zorionez, hiriburu bi horietan ahitzen.

Lehertu den arazoaren muina ez da non kokatuko Euskadiko Orkestraren egoitza nagusia, bi milioi laguneko barrutian sinfonia-orkestra publiko bi ditugula baino eta, behar bada,  1982an gauzak ondoegi egin ez zirelako. Auskalo orduko erabaki haren “bizkarzainak” Labaien eta Olaizola izan ote ziren, baina, zer gerta ere, ezin behintzat Bilbao eta Urkullu gazteei leporatu.

Edozein aitzakiaz Katalunia eredutzat hartu izaten dugunez gero, komeni da jakitea zazpi milioi t´erdi katalanek sinfonia-orkestra publiko bat besterik ez dutela. Gogoratu ere gogoratu beharko, Kataluniako nazio-orkestra sortzerakoan (1992),  beste bat aurretik zenez gero, Orquestra Municipal de Barcelona, soluzioa ez zela izan berria errotik egitea, zegoenari izena aldatzea baizik; alegia, Orquestra Sinfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya. Beste modu batez esanda, Labaienek bere aginte-garaian Bilboko Orkestrari  izena aldatu izan balio, Bilboko eta Euskadiko Nazio Orkestra esaterako, gaur ez genuke dugun arazoa izango.

Honek ez du esangura noizbaiteko Euskadiko Orkestra bateratuak Bilbon kokatu beharko lukeenik. Honezkero egin beharrekoa egina dago, eta pentsatzekoa da, egoitza batez zein bestez, orain arteko programarekin jarraituko duela joten Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, funtsezko maratila ez baita langileek non egiten dituzten euren barne-saioak,  non azaltzen dituzten jendaurreko interpretazioak baizik.

Gainera, izan gaitezen serioak. Lurralde arteko lelokerietan  hasi aurretik jabetu beharko genuke  orkestra bion arteko batasuna ez dela urtebeteko edo legealdi bakar bateko kontua izango. Barrena bizpahiru legealdi behar izango dira musikaririk adinduenek erretiroa hartzeko, zerbitzu bikoiztuak soiltzeko edo barne-egitura berriak moldatzeko eta egokitzeko.

Bitartean, ze eragozpen dago epe ertainera begira egitasmo bateraturen bat burutzeko,  plangintzak adosteko, musikariak elkarren artean trukatzeko edo zuzendariak zein maisuak eta adituak partekatzeko? Ez al diogu ba herri-administrazioari aho betean eskatzen efikazia, eraginkortasuna, lehiakortasuna, doitasuna eta gastu-murrizketa?

Bestalde, ez dezagun gero ahaztu, nolabaiteko nazio-sentimenduak erakarri zuela Euskadiko Orkestraren sorrera. Ez behintzat Bizkaiko edo Gipuzkoako lurraldekeriek.

Orkestra

Euskadiko Sinfonia Orkestra

Mikel Ureña
Mikel Ureña dio:
2013/02/09 11:15
Ramon Labaienek esandakoaren irakurketa oso partziala egin duzu, Ramonekk argudio askoz gehiago eman zituen, Orkestra nazionalaren sorrerari eta kokapenari buruz, eta hiriburu bakoitzak izan behar zuen paperari buruz (tamalez, gehiegi ahazten da hau).
Kuriosoa da, JL Bilbaok ez du fusioa Donostiarantz egin daiteekeenik barajatzen, ez, Bilboranzko fusioa auzitan jarri ondoren "que no me hablen de duiplicides" puzkertu (?) zuen. Alegia, edo fusioa Bilbon edo duplizidadea.
Baina noski, puzker horri buruz ez dizut ezertxo ere irakurri.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/13 12:26
Segurutik denok dugu "partzialak" izateko arriskua, hala ere, zera azpimarratuko dut:

-- Ni Donostiako egoitza erabaki zuen Kultura Sailaren zuzendarietako bat nintzen 1982an. Zuk jakingo duzu non zinen orduan.
-- Nik goiko testu horretan onartzen dut Donostian jarraitzea.
-- Nik uste dut, inork aipatu nahi ez arren, ordua dela bi orkestrez bat egitekoa.
-- Eta ez dut sekula ulertu zer esan nahi den "hiriburu bakoitzak izan behar zuen papera" tankerako esaldiak adierazten direnean.

Mikel Ureña
Mikel Ureña dio:
2013/02/13 18:09
Eskerrik asko erantzuteagatik. Hala ere, azpimarratutako horren gainean nik ere azpimarra batzuk egin nahi nituzke:

- 1982an sail horretako zuzendaria bazinen ere, argi utzi erabaki hartaz duzun iritzia. Galdetu didazunez, ni ikasketak amaitzen ari nintzen.
- Nire kritika ez zen zure iritziaz bereziki. Batez ere izan da, puzkerrak haizatzen hasita, ez duzulako ezer esan, ez eta goiko erantzunean ere, JL Bilbaoren jarreraz (fusioa Bilbon edo duplizidadea) ez duzula ezer esan. Eta fusioa zergatik ezin den Donostian egin azaldu gabe, fusioa Bilbon egitea zalantzan jartzeagatik gainera purrustadaka aritu da: "que no me hablen de duplicidades".
- Hiriburu bakoitzak izan behar zuen paperarena ez baduzu sekula ulertu, pentsa liteke komunikazio arazo handiak izan zirela hala ulertu zutenen eta ez zutenen artean.
- Ikuspegi nazionala dudanez, ez naiz sekula izan herrialdeen arteko gatazka regionalista merkeak sustatzearen aldekoa. Baina uste dut EAJk asko pentsatu beharko lituzkeela hainbat diskurtso eta forma, herrialde batean enkistatua geratu nahi ez badu.
Amatiño
Amatiño dio:
2013/02/13 23:07
Behar bada bi sintoniatan ari gara. Zuretzat nonbait garrantzitsuena da non arraio egin behar dituzten euren barne-saioak Euskadiko Orkestraren langileek eta neri, egia esan, ez zait askorik ardura, are gutxiago erabakita dagoen kontua baldin bada. Bilbotarren eta donostiarren arteko ika-mika merkeak ez ditut gogoko eta ez didate denbora alferrik galdu eragingo.

Neri ondo iruditzen zait bakoitzak nahi duena defenditzea eta arrazoiak ematea, Bilbao izan, Labaien izan edo sursum corda izan. Baina ez zait inondik ere onargarri iruditzen Kultura sailburua izan denak horrelako esaldi merke, populista eta supiztailerik botatzea. Horri erantzukizunik eza dario. Inguruko hiru txalo errazen truke sasi-ausartarenak egitea. Eta hori, hogei urterekin... tira. Baina agure zaharrak...
Mikel Ureña
Mikel Ureña dio:
2013/02/14 09:07
Argi dago bi sintoniatan ari garela. Batetik, nik ez baitiot garrantzirik eman fusioa hemen, hor edo han egiteari. Baina aukeren arteko hautu baten aldeko iritzi itxiek edo friboloek kritikak jasotzen badituzte, besteek ere kritikak merezi dituztela uste dut.
Eta, zentzu horretan, oraingoan ere, esaldi merkeak eta erantzukizunik ezak haizatzean Ramon Labaienenak bakarrik haizatzen dituzula ikusten dut. Baldin eta JL Bilbaoren planteamendu eta formak zuzenak iruditzen ez bazaizkizu.
Eta arlo horretan, berriro diot, EAJk hainbat planteamendu eta forma ('proyectos faraónicos', adib.) moderatzeari estretagikoa derizkiot, herrialde guztietan etorkizun orekatua izan nahi badu behintzat.
Ondo izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: