Bilboko bertigorik eza
Aurreko asteburuan, Pirinioetako lagun-taldekook (Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Aragoiko mendizale jubilatuz osatua) erabaki genuen behingoz kalera jaitsi eta Bilbon egun-pasa egitea. Alegia, Zazpi Kaleak, Metroa, Guggenheim, San Mames, ibai-ingurua eta gainerakoak bertatik bertara ezagutzea: firin-faran ibili, bapo bazkaldu, gin-tonik batzuk jo eta horrelako beste hainbati amain eman.
Goizeko 10etan zain genuen Arriaga aurrean denboraz hitzartutako gidaria, Bidebarrietan barrena abiatzeko. Ez naiz luzatuko bisitaren berri ematen baina, bai esango, bere burua aurkeztu zigun “profesionalak” 27 urte zituela, errumaniarra zela eta hamaika urte zeramatzala Euskal Herrian. Mutiko argia eta bizkorra, behar bada, baita ausart samarra ere, ziurrenik, baina gaztelaniaz behar besteko hitzak falta zitzaizkiona nahi (bide) zuen guztia adierazteko eta, nonbait, ez zekiena Bilboren gainean jakin beharko lukeen beste ez zekiena.
Bi ordu geroago sartu ginen Pio Baroja plaza ondoan, ia Burtzeñaraino joan-etorria egiten duen ontzian, eta udaletxetik Deustoko kanala amaitzen den muturreraino eraman gintuzten, bozgorailuak, gaztelania hutsez, Bilbo eraberrituaren bikaintasunak kontatzen zizkigun bitartean: Zubizuri, Isozaki, Guggenheim, Unibertsitatea, Carola, Tigrea, San Mames etab. Dena zeharo ikusgarria. Arazoak hasi ziren Olabeaga igaro ostean.
Bilbo bertatik bertara ezagutzen dugunok badakigu industria-krisiaren aztarren zaharkituen berri, eta ezagutzen dugu zertan den Zorrotzaurreko egitasmoa, baina nago ez dela, oraingoz, joan-etorri turistikorik egokiena, oso-oso ondo azaltzen ez baldin bada behintzat. Behar bada ikaragarri balio du industria-arkeologiaren ikuspegitik eta erabat interesgarria hiri-eraberrikuntzaz arduratzen direnentzat, baina, ez dakit ba, begi-bistako hondamendi hori aproposena al den turismo-sustapen aldetik.
Nire mendi-lagunak, behintzat, mutu geratu ziren; aurrean genituen katalanek ahopeka jarduteari ekin zioten inguruko inork ulertu ziezaiekeen beldur edo lotsa; eta ingelesez mintzo ziren hiruzpalau turistak harri eta zur zihoazen, non –eta zertarako— ote zeuden han sumatu ezinik. Agian “Manhattan” izan zen ulergarri egin zitzaien hitz bakarra.
Bai, oso bilbotarra suertatu daiteke turismo-gidaria errumaniarra izatea edo Zorrotzaurre Manhattan berritzat amestea; baina, behar bada, pentsatu beharrekoa da, Bilbon jaio ez diren xumeek ez dutela bilbotarrek duten bertigorik eza.
Zorrotzaurreko muturra, non elkartzen diren Deustoko kanala (ezkerraldean) eta Nerbioi ibai zabala (eskuinean).
Federiko Ugalde arkitektuak burututako (1924) irin-fabrika (Grandes Molinos Vascos, S.A.). Kultura Ondasun Kalifikazioa du (Eusko Jaurlaritza, 2014).
Zorrotzaurre, Olabeagatik ikusia