Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bilbo eta Donostiaren arteko epifania

Bilbo eta Donostiaren arteko epifania

Amatiño 2023/06/29 10:40
Kontzeptuz, lehena eta oraina, zaharra eta berria, fabrika eta museoa: denboraren makina. “That time” (Beckett, 1975) antzezlanaren hiru biziaroak: gaztaroa edo lehena, helduaroa edo oraina, zahartzaroa edo geroa.

Praktikan, berriz, Bilbo eta Donostiaren arteko zubigintza eta agerpena, Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin burututako lehen esperientzia, segurutik jarraipenik izango duen epifania.

Oinarrizko ideia Migel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariarena da. Izan ere, zer egin Abandoko eraikinaren handitze eta eraberritze-lanek erakuslekua murrizten dutenean eta arte-lanak, behin-behinean, nonbait bildu beharra erakartzen? Ezkutuko biltegiren batean gorde beharrean, zergatik ez, ageri-agerian jendaurrean azaldu, Donostiako Tabakaleran esaterako?

Ondoko agerpen edo errebelazioa, San Joan bezperatik Domu Santuko zubi arte (2022.11.05) Tabakaleran ikuskatu ahal izango den ezohiko erakusketa baino ez da. Guztira 107 artelan, 80 artista ezberdinenak, zeinetan nabarmendu daitezkeen edonoren belarriei ezagun egiten zaizkien El Greco, Goya, Zurbaran, Bacon, Oteiza, Arteta, Mendiburu, Vicente Ameztoy, Agustin Ibarrola, Juan Luis Goenaga, Marta Cárdenas, Mari Puri Herrero, Txomin Badiola, Susana Solano, Nemesio Mogrovejo eta beste… 80 arte. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Migel Zugazak eta Edurne Ormazabalek buruz buru indarrean jarritako elkarkidetza, Miriam Alzuri eta Oier Etxeberria komisarioen gidaritzapean eta Petronorren babesaz.

Ezohiko erakusketa, ahal izanez gero bisita  gidatua merezi duena. Esango nuke, moldez, edukiz, garaiz eta helburuz anitzegia dela nork bere kasa sartu-irtena egin eta, besterik gabe,  denboraren makinaren nondik norakoaz erabat jabetzeko. 

Azaro arte iraun eta sarrera doan denez, hobe patxadaz hartzea.

Bacon eta Mendiburu

 Francis Bacon eta Remigio Mendiburu, aurrez aurre, Tabakaleran.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: