Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bihotza bitan banatzen ikasi

Bihotza bitan banatzen ikasi

Amatiño 2016/04/16 23:40
Badazagut gaur Ipuruara igotzeko ausardiarik, adorerik edo patxadarik izan ez duen errealzale eibartarrik. Lar ez sufritzeagatik etxean geratu denik. Badazagut talde biek irabazi zezaten nahi zuen Eibarko txuri-urdin armaginzalerik. Aukeran, berdinketa nahiago zukeenik. Inoiz ikasiko al dute bihotza bitan banatzen?

Nire gaztaroan ez bezalaxe, dezente ugari dira egun, Eibarren, errealzale hutsak. Orain dela, zehatz, bi urte arte etxeko taldea bigarren mailakoa zenez gero, euren futbolzaletasuna bitan banatzeko bestekotzat jotzen ez zutena. Edo horren premiarik sumatzen ez zutena.

Talde gorri-urdina lehen mailara igo zenetik aurrera, ostera, ordu arte inork uste ez zuen lehia suertatu da eta sasoi bateko oreka erosoa hautsi. Ondorioz, horra non, kostata bada ere, eta berandutxo samar, zenbait eibartarrek idoro duen badela, aldi  berean, talde biren zale amorratu izaterik.

Gutako batzuk urteak –-ia bizitza guztia— daramatzagu esaten badela, aldi berean, Athleticzale eta Realzale izaterik. Ez dagoela kontraesanik, benetako zaletasuna “etxeko” talde bi maitatzeko bezain eskuzabala izan daitekeela. Bata gogotik maitatzeak ez dakarrela, derrigorrez, bestea gutxietsi edo gorrotatu beharra.

Bai. Horra non, azkenean, umetatik errealzale izan diren Ipuruako bazkideak jabetu diren, behingoz, ezintzat jotzen zutenaz. Alegia, oraintsu arte inondik ere sinesten ez zutena egia izan daitekeela. Maitasun bikoitza egia dela.

Eta maitasun bikoitzaz jabetu direnez gero, orain ikasi beharko dute ahalmen indartsu, oparo eta eskuzabal hori zentzuz kudeatzen. Hots, irtenbidea ez dela beti, zer gerta ere, berdindu beharra. Zenbaitetan batek irabaztea komeni dela eta beste zenbaitetan, ordea, besteak.

Eta 'interes orokorrak', gaur, Eibarrek irabaztea eskatzen zuen.

Oharra: Eibartarrak ez diren gipuzkoarrek ez dute, behar bada, sekula ikasiko, seguruenik beste ezein talde gipuzkoar ez baita inoiz –zati batean, behintzat-- mailaz igoko. Baina ez du ezjakinekin eztabaidatzerik merezi. Ez dira-eta ulertzeko gai ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: