Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bidegileetan bidegileena

Bidegileetan bidegileena

Amatiño 2017/11/18 23:35
“Joseba Intxausti (Segura, 1936) idazlea izan da, baina eragilea ere bai, eta ez nolanahikoa. Bidegileetan bidegileena* gertatu zaigu euskalgintzan eta euskal kulturagintzan”. "Josebari zor diot euskal munduan sartu izana, berak euskaltzaletu ninduen, berak irakatsi zidan euskaraz idazten, berari esker ikasi nuen ikasten".
Bidegileetan bidegileena

Joseba Intxausti, 1975

Paulo Agirrebaltzategiren eta Joxe Azurmendiren hitzak dira, hurrenez hurren, Joseba Intxaustiren obra osoaren digitaltze-lanaren aurkezpenean, Jakin Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenaren baitan.

Guztira 36 liburu oso, 103 liburu-zati eta 26 agerkaritan argitara emandako 365 artikulu, Arantzazu, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan, gehienbat. Oro har, 11.685 orrialde dira digitaldu direnak, 61 urte luzez Joseba Intxaustik idatziak eta argitaratuak, 1957an lehena “Yakin”en kaleratu zuenetik hona.

Aitzakia gisa Josebak berak aitortu bezala: “Bizitza luzatu egin zait eta lanean jarraitzeko aukera izan dut”. Hala ere, “nire garrantzizko lanik onenak lankideekin egindakoak dira”. Eta, apal asko: “pribilegiatu bat naiz. Oso ohartuta nago hurrengo belaunaldiak nire alorreko gauzak ere hobeto egingo dituela”.

Jakin Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin hitzartutako egitasmo hau 2011 hasi zen eta, aurrenik digitaldu ziren Joxe Azurmendiren idazlan guztiak; oraingo honetan datoz Joseba Intxaustirenak eta ondorik izango da Joan Mari Torrealdairen zein Paulo Agirrebaltzategiren txanda.

Lauek osatzen dute, nolabait, 1956ko belaunaldia ordezkatzen duten ‘corpus’ bateratua; lauek, nork bere bidetik, Torrealdairen hitzak bilduko baditugu, helburu berbera izan baitzuten hasiera beretik: “euskalduntasunari lehentasuna eman, euskararen kulturaren eta taldearen independentzian oinarrituta”.

Edo, Lorea Agirre Jakin aldizkariarenen zuzendariak egungo ikuspegitik esana: “Euskara eta euskal kultura zentralitatean jarri zituen 1956ko belaunaldiak. Dogmatismo ideologiko eta linguistiko guztien kontra”.

.

Lorea Agirre, Paulo Agirrebaltzategi, Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai eta Joxe Azurmendi


*Bidegileak bilduma 1987an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Joseba Intxaustiren ekimenez, hain zuzen ere. Horra, zergatik, Paulo Agirrebaltzategiren hitz-jokoa.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: