Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bidasoko Bide Berdeak merezi du

Bidasoko Bide Berdeak merezi du

Amatiño 2024/11/12 10:00
Debarrotik joan beharrak errazten ez duen arren, Bidasoko Bide Berdeak merezi du ezagutzea. Bidasoa ibaiaren ondo-ondotik, ibilbide berriak 1889tik 1956 arte indarrean iraun zuen Irun-Elizondo trenbide zaharraren ildo berbera darrai. Egun Behobiatik Oieregiraino (Bertizarana) heltzen da (1), ia lau-lau, berrogeitaka kilometrotan 140 m. baino ez da igotzen-eta.
Bidasoko Bide Berdeak merezi du

Bisusta ur-jauzia aurreko astean.

Itsasaldekoontzat ohikoena Behobiatik Donozteberainoko joan-etorria da, guztira 77 km. zehatz mehatz. Oro har, bide dezente ondo zaindua, gehienbat galipotezko zoruaz, nahiz han-hemenka harri koxkorreko galtzadaren bat edo beste noizik behin azaldu, euri-potzu sakon samarrekin tarteka-marteka.

Egunargirik galtzen ez duten hiruzpalau tunelpe txiki dauden arren, badira beste hiru argi artifiziala nahitaez eskatzen dutenak, ez luzeak direlako, bihurgunez eraiki zirelako baizik. Bat argiztatua dago une oro, beste bat sentsorez isiotzen da igaro ahala, eta hirugarrena gau beltza bezain iluna, nonbait argirik jartzerik ez dagoelako, saguzar koloniaren bat bertan bizi delakoan.

Sekulako inguru-minguruan zehar bizikletaz paseatu ahal izateaz gainera, bidea patxadaz jorratzeak gutxietsi ezinezko beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu, alegia: izokinak urez gora igotzen ikusteko beta (1), Endarlatsan; Bisusta ur-jauzi (2) ederra bide-bazterrean bertan; Latasa haizkolari mitikoaren aurrean (3) argazkia ateratzeko egokiera, edo inguruko herrietan (Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga etab.) nahi bezain sartu-irten azkarrak egiteko abagune paregabea.

Euskal Herrian ez da gero non bazkaldu falta, baina bizikletaren saskian zer jan eramanez gero, bideak iturri eta guztiko hamaika leku apropos eskaintzen ditu otorduan, eta, nahiago izanez gero, zurezko eserleku garbi eta eroso samarrak ere badira errekari begira.

Txirrinduz, korrika edo oinez; bakarka, taldeka edo familiaz. Bidasoko Bide Berdeak merezi du ezagutzea. Kanaberak etxean utzi (4).

1) Oraintxe da garaia, izokinak udazkenean itzuli ohi dira-eta jatorrizko ur gezetara. Bertan ginela, alboan genuen ibiltariak bi ikusi  zituen gorantza, jauzika. Guk baino ohitura gehiago zuen, antza.

2) Seinale adierazgarria dago bide ertzean. Ur-jauzia, berriz, hogei metrora baino ez.

3) Haren omenezko irudi gomutagarria Sunbillako plazan.

4) Izokina eta amuarraina betidanik izan da ugari. XIX. mendean, trenbidea egiten ari zirela, beharginek lanari uzteko mehatxu egin zuten, eguneroko otorduan arraina besterik ematen ez zietelako. 

.

Basoa
Bidasoko bide berdea. Nekez, gero, honelako bide gorririk.

Endarlatsa
Endarlatsa baino haragoko presa. Argazkiaren eskuin-barreneko ertzean, ur-eskailera, nondik igotzen diren izokinak.

Tunela
Bistan da, nahi izanez gero, badela kirola egiterik haurra etxean utzi beharrik gabe.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: