Bi mila urteko banaketak
Frantziako eta Espainiako monarkiek 1659 urtean sinatu zuten (Bidasoako Faisaien uhartean, Konpantzia) "Pirinioetako Bakea", zeinetan erabaki zen muga, oro har, gainez gain kokatzea, Llivian edo izan ezik. Ondorioz, Roseilloia eta Cerdanya Garaia Frantziaren magalean geratu ziren eta Cerdanya Barrena eta Aran harana, Espainiarenean.
Ondorengotza Gerran (1711-1713) elkarren aurka aritu ziren borboiak eta austriarrak. Noizbait Nafarroako Erresuma izandako lurraldeak (Nafarroaz gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) borboien alde borrokatu ziren eta austriarren alde, ostera, Aragoiko Koroa zena (Aragoi, Katalunia –Aran harana izan ezik-- eta Valentzia). Azkenean Felipe V.a borboiak amaitu zuen garaile eta, ordainez-edo, foruak kendu zizkien kontra aritutakoei eta eutsi, berriz, alde izan zutenei. Erabaki haren ondorioek indarrean diraute, oraindik, espainiar sistema politikoan.
Iparraldean, Frantziako Iraultzak erakarri zuen euskal biltzarren deuseztapena (1790), eta hegoaldean, berriz, euskal foruek aldaketa nabarmenik gabe jarraitu zuten, Bergarako Besarkadaz (1839) Lehen Karlistada amaitu arte. Ondorioz, espainiar gobernuak dei egin zien lau aldundiei foruak “eguneratu” ahal izateko.
Nafarroak erabaki zuen hobe zela egoera berriaz jabetzea, arazoari aurre egitea, eta ahal zen neurriko ituna negoziatzea. Horrela adostu zen Nafarroako Lege Hitzartua (1841). Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, aldiz, nahiago izan zuten ez jakinarena egin baina, azkenean, amore eman behar izan zuten 1876an. Orduan galdu ziren, oro har, lege zaharrak, eta, ordez, lehen kontzertu ekonomikoa sinatu.
Hala ere, Luis Nuñez Astraini (“El euskera arcaico. Extensión y parentescos”. Txalaparta, 2003), euskararen munduaren banaketa ez zen Espainiako eta Frantziako erregeekin hasi, orain dela bi mila urteko erromatarrekin baizik, Mediterraneo aldeko Pirinioen inguruan lehorreratu eta, isuri batez zein bestez, mendebalderantz abiatu zirenean.
Garai hartan, mendiek ez zituzten artzainak eta abeltzainak banatzen, elkartzen baizik. Iparraldeko eta hegoaldeko biztanleriaren arteko harreman estuaren froga omen da, alde bateko eta besteko euskalkien parekotasuna. Alegia, Erronkariko euskarak antzekotasun gehiago duela mendiz handiko zubererarekin, alboko zaraitzuerarekin baino.
Mendi-lerroei muzin egin zien aurrenak erromatarrak izan ziren, Bordeleraino (Burdigala) Garonatik zehar joan baitziren eta Iruñerantz Ebroan barrena. Eta ez aldi berean. Esaterako, Jakara heldu ziren Akitaniara baino 150 urte lehenago. Hegoaldean osatu zuten Tarraconensis probintzia eta iparraldean, berriz, Novempopulania zeritzona, elkarren arteko batere harremanik gabe.
Eta hegoaldeko Euskal Herriaren lehen zatiketa ere erromatarren asmakizuna izan zen, antza. Hain zuzen, Zesar Augustok Zaragozaren (Caesaraugusta) ardurapean bildu zituen ekialdeko jazetaniarrak, baskoiak eta beroiak; eta mendebaldeko barduliarrek, karistioek eta autrigoiek, aldiz, Burgos ondoko Clunia izan zuten hiriburutzat.
Iturria: Koldo Larrañaga irakaslea, 2002