Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bi mila urteko arnasa estua

Bi mila urteko arnasa estua

Amatiño 2022/10/27 08:53
Muinopeko aparkaleku huts-hutsean autoa utzi, sugandila artean maldan gora igo, eta bi mila urteko hiri galdu, ahaztu, ezezagun eta anonimoaren baitan murgiltzea ez da, inondik ere, edozein astegun buruzuriko zoria. Sekulako isiltasuna, erabateko bakardadea, lur-soro idorra eta, are agorrago, sargori giroa. Bi mila urteko arnasa estua.
Bi mila urteko arnasa estua

Bi mila urte zutunik

Bost dira Euskal Herrian bisitatu daitezkeen erromatar hiriak: Musen hiria (Arellano), Andelos (Mendigorria), Forua (Gernika), Iruña-Veleia (Iruña Okako) eta Santakrizko aztarnategia (Eslaba). Azken hau, jatorrizko izen ezagunik gabe, Oibar eta Zangoza artean, Jakatik Gareserainoko Donejakue bidean.

Ez dut nik inor ezagutzen, gaur egun Jakatik edo Zangozatik Garesa joateko, Iruñerritik (Izko mendilerroaren ipar hegitik) pasatuko ez denik. Ezinbesteko bide arrunta ematen du, ez baita alferrik ohikoa izan azken lauzpabost mendeotan-edo. Baina, hala ere,  bidegurutzeak ez ziren orain 500 urte asmatu. Bazen, bada, aurrekorik ere.

Bai, lehenagotik ere, aurreko 1.500 urteetan, erromatarren gurdiak zein Jakatik zetorren Donejakue bideko erromesak Orbaibarretik igaro izaten ziren (Izko mendilerroaren hegoaldetik),  zidor artezago, lasterrago, erosoago edo aproposagoak zirelakoan. Santiago-bidearen aztarrenek begien bistan diraute, nabarmen, Olletatik aurrera. Orbaibarren (Etxano, Eristain…) zehar, batetik, edo San Martin Unx, Tafalla, Artaxona eta Obanosen barrena, bestetik.

Erromatarren oinordekoen bidezidorrak, ostera, zatia urriagoak dira, ahaztuxeagoak, mendeak joan eta mendeak etorri,  denboraren zinbili-zanbuluan jatorrizko toponimia ere galdu egin duen Eslabako Santakriz muinoko hiri ahaztua, esaterako. Benetako izena ez du inork gogoan atxiki, jakineko agiririk ere ez da inon aurkitu, harriek besterik ez diraute, noizbait bizileku aparta bezain aberatsa izan zen hiribilduaren gogoangarri --foroa eta nekropolia tarteko--, baskoien herrixkaren alboan apropos eraikia, barreneko Eslaba eta Oibar sakanaren gaineko talaia zelatari antza.

Orain  2.200 urte inguru heldu omen ziren erromatarrak Indusi ibai aldera. Gaur egun Santakriz izenez ezagutzen dugun muino gaineko baskoi gotorlekuaz jabetu, luze-zabalean bikoiztu (13 hektarea) eta harresiz inguratu. Segurutik izen polit, berezi eta maitaturik ere jarriko zioten. Deigarria agian, iraunkorra ez ostera, bistan denez.

Geroztik, sinestezina dirudien arren, bi mila urteko historia-eklipsea, duela ehun urte (1917) Juan Castrillo apaizak ezustean lehen aztarrenak idoro arte. Ganorazko indusketei ez zitzaien ordea ekin 1990eko hamarkada arte, noiz eta Eslabako Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean adostutako hitzarmenak harrizko memoriaren hagaxkari eragin baitzion.

Muinopeko ordeka antzuan autoa laga, aldats gora igo eta bi mila urtez bere gisara alferrik galdu den hiri hilaren atari zaharretik abiatu ahal izatea ez da, ezelan ere,  edozein asteburuko mendi-buelta arrunta. Sekulako isiltasuna, erabateko bakardadea, lur-soro idorra eta are agorrago, sargori giroa. Bi mila urteko arnasa estua.

Santa Criz1
Santakriz, hegoaldetik iparrera begira

SantaCriz3
Iparraldetik ekialderako ikuspegia. Atzekaldean, zuhaitz artean, baskoien antzinako gotorlekua.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: