Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bi kontinenteren arteko etena eta besarkada

Bi kontinenteren arteko etena eta besarkada

Amatiño 2016/09/11 00:05
Oraintxe heldu berri da Islandiatik eibartar urpekaria. Harri eta zur etorri da, mesoatlantikoko dortsalaren bi plaka tektonikoren artean murgilean jardun ostean. Sekula ez, omen, ur garbi eta gardenagorik! Inoiz ez, ei, mundu biren arteko egonezin larriagorik! Orain 180 milioi urte mugitzen hasi zen zartada geologikoaren baitan igeri egin ahal izatea ez da, gero, euli-kaka izango; ezta ahuntzaren gauerdiko eztula ere.

Gauza jakina da, eskolan irakasten baitzaie DBHko neska-mutilei, noizbait (orain 180 milioi urte), Pangea superkontinenteak banatzeari ekin ziola eta gaur egun ozeano Atlantikoaren bi ibarretan dauden Ipar zein Hego Amerikak, sartaldean, eta Europa nahiz Afrika, sortaldean, bat besterik ez zirela elkarrekin.

Mapamundia ikusi baino ez dago erraz asko nabarmentzeko Afrikaren mendebaldeko “bekokia” zein egoki sartzen den Karibean zehar eta, aldi berean, Brasilen “sudurra” aukera-maukeran egokitzen zaiola Gineako golkoari.

Ez da horren ezaguna, ostera, plaka tektoniko bi horien arteko dortsalak oraindik ere indarrean dirauela, goitik behera Atlantiko guztian barrena; eta, gainera, bi plataforma handi-mandiok 2,5 zm. inguru aldentzen dihardutela, urtero, bata bestearengandik.

Are gutxiagok daki, berriz, 3.000 eta 5.000 metroko sakontasunez Atlantiko guztia zeharkatzen duen etendura hori lehorreratu egiten dena Islandian, eta bertatik bertara behatu ohi dutena mendizaleek eta urpekariek.

Murgilean ez baina, lehorreko plaka tektoniko bi horien artean sartzeko aukera izan nuen nik aurreko hamarkadan, eta aitortu behar dut, zientziak eta arrazoiak besterik frogatu eta segurtatu arren, adierazi ezinezko estuasuna sentitu nuela, orain 180 milioi urte banatu ziren bi ezpainok berriro elkartuko ote ziren beldur.

Dortsala2

Goitik behera, Atlantiko osoa zeharkatzen duen dortsala. Itsaspeko mendilerroa (3.000 eta 5.000 metroren arteko garaiera duena) lehorreratu egiten da Islandian barrena, Iparraldean.

Dortzala1

 Islandia zeharkatzen du dortsalak. Ikuspegirik nabarmenenak Thingvellir natura-parkearen inguruan behatu daitezke

Plaka tektonikoa2 

Bi plaka tektonikoen arteko etena edo besarkada. Hegoaldera begira nagoelarik, ezker eskua Eurasian eta eskuinekoa, berriz, Ameriketan

Plaka igerian

Argazki hau saretik hartua da, itsaspeko etena adierazteko baino ez da. Alegia, igerian ari direnak ez dira eibartar urpekariak. Argazkirik bidaliko balidate...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: