Ereserkia
Bertso-jardueraren amildegia
Bertsolari dokumentala (Asier Altuna, Txintxua Films 2011), ordea, hasiera beretik da ekoizpen txukuna, landua, ondo egituratua, nondik datorren eta nora joan nahi duen ondotxo dakiena, eta, jakiteaz gainera, ahaleginean asmatzen duena.
Batetik, edozein ekoizpen arrunti honezkero eska dakizkiokeen oinarri-oinarrizko baldintzak betetzen ditu, alegia: irudi ona (oso ona), audio erruz argia, hari egituratua, mezu ulergarria, hitz-jario gardena eta komunikazio zuzena… Normala, naturala, egokia, atsegina, ikusleari ezelango ahalegin erantsirik eskatzen ez diona. Hau da, informazio adiskidetsua eta plazerra.
Eta, bestetik, oinarrizko baldintzez gaindi eta haboro, sormena eta irudimena uholdeka, olerti-punttua, ikur-jokoak eta asmakizun-aldrak... hainbatetan lartxo errepikatuak badira ere: Aldazko harrobiak, Zarauzko hondartza, aurrekoz atzerako urraspideak edo Oteizarekiko ordainak. Zenbaitek esango du (arrazoiz), ez dela 85 minutuan kritikarik edo lausorik txikerrenaren aztarren-izpirik ere. Baina nork esan du hori denik ezein ereserkiren zeregina?
Adi eta so
INPUT’95, telebista publikoen nazioarteko topaketarik behinena, orain 16 urte bildu zen Donostian. Hain zuzen ere ordurako nahi izan zuen ETBk bertsolaritza gaineko dokumentala ekoiztu, bertsolariaren buruaren baitan gertatu ohi den jarduera munduan zehar azaldu gurarik edo.
Asier Altunak adierazi du ekoizpen hau kanpoan ere ulergarri eta baliagarri izan dadin egin nahi izan duela. Ez dakit, egia esan, zenbait pasarte (Xalbadorrena, kasu) zein neurritan ulergarri gertatu ahal izango den Euskal Herritik kanpo, baina aitortu behar dut Mikel Lerjartzak gogoan zuena nabarmen “kanpotiarragoa” zela, zentzu guztietan... Zer gerta ere, egitasmo harek ez zuen aurrera egin. Gainera, orduan ez zen BEC-ik, ezta egungo Asier Altunarik eta Andoni Egañarik ere. Are gutxiago Maialen Lujanbiorik.
Segurutik den-denak ez du azken hamabost urteotan onera egin gurean. Baina bertsolaritzak bai, nonbait, Bertsolari ikusi besterik ez dago.
Honezkero Bertsozale Elkarteak badu bere ereserkia. Orain gainerako guztiei eskubide berbera onartzea besterik ez zaio falta.
Miren Amuriza, Amets Arzallus, Jon Sarasua, Asier Altuna, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio
Munduaren konkistan. Beñat Eizagirre. Berria.
Biziraun-penak. Harkaitz Cano. El Diario Vasco
Altxor txiki bat da Bertsolarirtza. Oier Aranzabal. Noticias de Gipuzkoa
Ados, Amatiño: "hasiera beretik da ekoizpen txukuna, landua, ondo egituratua, nondik datorren eta nora joan nahi duen ondotxo dakiena, eta, jakiteaz gainera, ahaleginean asmatzen duena."