Berrogeita hamazazpiren arteko aukera
Bai, beti jakin izan dugu gero eta globalagoa den merkatuan zaila dela Athleticen filosofiari eustea, eskuzabal jota ere hiru milioi biztanleren euskal harrobia benetan urria dela jakina. Baina behar bada inoiz ez dugu erreparatu, Erreala eta Alavesa kategoriaz jaitsi zirenetik munduan lehen mailan jokatzen duten euskal jokalari guztiak 57 besterik ez direna. Euretarik 25 Athleticen, 10 Osasunan eta gainerako 22 han-hemenka sakabanatuak. Hartara, Athleticen egiazko miraria --munduan zehar kasu bakartzat jotzen dena-- ez dateke hiru milioi biztanle besterik ez dituen lurraldearen taldea izana, denak ere autobus bakarrean sartuko liratekeen 57 jokalariren arteko aukera-maukera izatea baino.
Horrela ulertzen da Joaquin Caparrosek behin eta berriz erabili ohi duen hitza Athleticen aurka jokatzen duten taldeen jokalariak gutxiesteko: “Elegidos”. Hau da, aurrean tokatzen zaion edozein talderen jokalariak nolabait hautatuak edo aukeratuak diren bitartean, Athleticen jokalariak direnak baino ez omen dira, daudenak alegia. Caparrosen hitzetan, “hautatuak” ez dira Barcelonaren izarrak soilik, baita bigarren mailara jaisteko kinka larrian dagoen Betisen morroiak ere, brasildarren bat edo beste tarteko.
Ulertu ere horrela ulertzen da hobeto, datorren asteazkenean Athleticek Valentzian jokatuko duen Kopa finalak eragin duen zoramena; zentzu berean gaur Bilbon eratu den parebako agurra; eta beste horrenbeste atzo, Katedralean, erreserba-taldeak Betis gaixoari bat eta hutsa irabazteagatik sorrarazi zen zirrara.
Alboan nuen Koldo Agirrek esan zidanez: Oiloa hil aurretik egin dugu salda. Baina, jakina, Koldo zaharra edo da, eta badaki zer den Europako finala galtzea Juventusen kontra, aurretik Milan eta Barcelona eliminatu ostean. Dena erlatiboa da. Jaioko dira berriak... Benetan? Jaioko al dira!
Koldo Agirre zutik, Argoitia (ezker muturrean) eta Iribar (eskuinetik bigarrena) tarteko.