Berrogeita hamar urte ez dira artaleak
Segurutik euskararik izan ez balitz ni ez nintzateke sekula kazetari izatera iritsiko, ez nintzateke inoiz ezein hizkuntza normaldutan idazten hasiko. Behar bada, aitaren euskaltzaletasun amorratua eta amaren irakurzaletasun sutsua izan ez balira, ni Eibarko enpresari bat gehiago izaten amaituko nuen.
Aitak tindatzaile gura ninduen eta hartara jarri, 18 urte kunplitu nituen aste berean, 1963ko irailaren 21an, San Maurizio egunez, tindatzaileen zaindariaren egunean, hain zuzen ere.
Ugazabaren seme nagusia izan arren ez ninduen, horratik, ezelango ardura-postutan jarri. Lanbideaz jabetzeko zereginik xumeenak egiten ikasi behar izan nuen: arropak etxerik etxe biltzen, lehenik; pilatzen eta bereizten, gero; sailka garbitzen eta tindatzen, ostean; ondotik, banan-banan lisatzen. Zortzietatik zortzietara, sei lanegun astero eta, lanorduz kanpo, lar ez aspertze aldera, "Zeruko Argia"rentzakoak, denbora pasa.
Eskulanen ondotik etorri ziren, berriz, bezeroekiko zerbitzuak, ekoizketa, erosketak, kudeaketa… Eta, hamahiru urte geroago, guztiaz jabetu nintzelarik edo, 72 langileko enpresa-ardurak semearengan utzi eta erretiratzear zegoen 68 urteko aitari esan nion: aita, kazetari izan nahi dut.
Nik enpresari izateari utzi eta enpresariarekin ezkondutako emaztea zein hiru seme-alabak abiarazi nituen ezusteko abenturan; eta gure aita zenak, berriz, beste lauzpabost urte behar izan zituen jubilatu orduko.
Bizitza planifikatu egiten al da? Norberak aurrez nahi zuen bidea jorratzen amaitzen al du? Zenbateraino gara geure bizitzaren, edo lanbidearen, edo nondik norakoaren jabe. Funtsezko ezer erabakitzeko aukerarik izan al dugu inoiz?
Berrogeita hamar urte… berrogeita hamar urte ez dira gero artaleak!