Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berrogei urteko energia eta teknologia-egitura

Berrogei urteko energia eta teknologia-egitura

Amatiño 2023/03/26 13:30
Ezin inondik ere esan Garcia-Egotxeagarik izan ez balitz, Euskadik ez zukeenik gaur egun izango, orain duen teknologia eta energia-azpiegitura; baina ezin ere uka, indarrean ditugun energia-azpiegituren eragile eta sustatzaile nagusia Javier Garcia-Egotxeaga izan zena.

Sortu zeneko 40. Urtebetzea dela eta, SpriLurrekJosu Jon Imaz gonbidatu zuen aurreko ostegunean, Zamudioko Teknologia Parkean hitzaldia eman zezan, ez baitzen alferrik Zumarragako semea izan, Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energia sailburu zelarik, lurzoru industrial publikoen kudeaketa-arduraduna ere.

Energiaz hitz egin zuen gehienbat, ordea, une horretan erabakitzen ari baitzen Bruselan,  hurrengo hiru hamarkadetako trantsizio-ereduaren puntuetako bat, euskal automozioari artez arte datxekiona (1).

Hain zuzen, Imazek adierazi zuenez, hiru omen dira energia estrategiaren eta deskarbonizazioaren helburu nagusiak, alegia: 1- Horniduraren segurtasuna. 2- Prezioaren lehiakortasuna, eta 3- Iraunkortasuna. Eta, haren ustez, Europa porrot egiten ari da, ez soilik  hirugarren helburua baino ez gogoan hartzeagatik --beste bi xedeak ahaztuz--, baita ere “hirugarrena ere –iraunkortasuna— ez delako lortzen ari”.

Repsolen CEOak salatu zuenez, Europa ez da asmatzen ari energia-politiketan. Lehenik eta behin, “horniduraren segurtasuna ahaztu” duelako, eta, ondorioz, Errusiaren “zeharo menpeko” bihurtu delako. Gainera, irisgarritasuna ere ahaztu egin omen du, “energia garestitzearekin batera familien kontsumo-ahalmena murriztuz” eta europar industriaren lehiakortasunaren kaltetan erabakiak proposatzen.

“AEBn ez litzaioke inori bururatuko errekuntza-motorra debekatzea”

Imazen arabera, Europa “iraunkortasunaz baino ez da arduratu”, baina “horretan ere ez dihardu asmatzen”, porrot egiten ari delako deskarbonizazio-arloan. Izan ere, Europak CO2 emisioak murrizten diharduela uste dutenei ohartarazi zien, jaitsiera gertatzen ari dela siderurgia, findegi eta zementu-enpresak Europatik alde egiten ari direlako;  eta, ondorioz, Europak aberastasuna eta lanpostuak galtzen diharduen aldi berean, “munduan ez dira CO2 emisioak murrizten”, jatorriz aldatzen baizik.

Imazek salatzen duenez, gainera, Europan “egurra ematearen” politika egiten den bitartean, Estatu Batuetan “azenarioaren” estrategia ezartzen da. “Hemen, dena da mugatu beharra; han, ordea, ekimena sustatzea da erronka”. Ipar Amerikan teknologien arteko lehia eta berrikuntza eragiten den artean, Europan neutralitate teknologikoa eragozten omen da. “AEBn inori ez litzaioke bururatuko errekuntza-motorra debekatzea”.

Javier Garcia-Egotxeaga oroitaraziz

SpriLurren urtebetetzea eta energia tarteko, Imazek nahi izan zuen Javier Garcia- Egotxeaga (1940-2002) zena oroitarazi eta omendu.

Industria sailburu (1980-83), Garaikoetxea lehendakari zela, eta lehendakari-orde (1985-1987) Ardanzarekin, Garcia-Egotxeagaren eraginez sortu zen 1981ean SPRI erakundea (industria-birmoldaketa, industrialdeak, kapital arrisku elkartea…) eta hurren urtean Energiaren Euskal Erakundea (Cadem, energia berriztagarriak…), herriz herri gas-hornidura indarrean jarri zuena.

Garai berean, 1985ean sortu zen, Zamudion, espainiar Estatuko lehen teknologia-parkea eta hamarkada berean bideratu ziren teknologia-zentruak eta euren arteko sarea.

Ezin inondik ere esan Garcia-Egotxeagarik izan ez balitz, Euskadik ez zukeenik gaur egun izango, orain duen teknologia eta energia-azpiegitura; baina ezin ere uka, indarrean ditugun energia-azpiegituren eragile eta sustatzaile nagusia Javier Garcia-Egotxeaga izan zena.

SpriLur40urte
Arantxa Tapia Industria sailburua eta Josu Jon Imaz, erdian, Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Aldundiaren hainbat ordezkarirekin, SPRI, EVE eta Parke Sarearenak barne, Zamudion.

 (1) Hedabide guztietan, gaur, azken erabakia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: