Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berrogei urte eta orain hau!

Berrogei urte eta orain hau!

Amatiño 2022/11/15 17:30
Batek daki egungo gazteriari ardura ote zaion Nikaragua, eta auskalo ba ote dakien nor den Ortega presidentea. Nago, ostera, duela mende erdiko gazteriari ardura zitzaiola Nikaragua eta bazekiela nor zen Somoza diktadorea. Geroztik berrogei urte luze joan dira. Eta gure Benigno Baskaranek esango zukeen bezala: "Berrogei urte eta orain hau!".
Berrogei urte eta orain hau!

Daniel Ortega 1979

Kontua da, 1979an, Daniel Ortega buruzagietakotzat zuen Fronte Sandinista marxista-leninistak Anastasio Somoza bota zuela Nikaraguatik (1) eta berrogeitaka urte geroago Ortega gerrillari ohiak diktadorearenak egiten diharduela. 

Azaroaren 6ko azken udal hauteskundeetan, Daniel Ortega presidenteak eta bere emazte Rosario Murillo lehendakari-ordeak alkatetza nikaraguar guztiak (153) euren aldeko lortu zituzten, %82ko abstentzioaz.

Ez ziren inondik ere ezusteko emaitzak izan, aurreko uztailean oposizioaren eskutan zeuden sei alkatetzaz manu militari jabetu ziren-eta. Ortega-Murillo bikotearen eraginez, Fronte Sandinistaren gobernuak bolada darama gizarte zibileko ahalik eta erakunderik gehien ixten eta desegiten, denak ere “atzerriko” interesen eragintzapean ari direlakoan.

Tankera guztietako elkarteak, nahiz kulturaz, zientziaz, ingurumenaz, feminismoaz edo auzo-lanaz jardun. Are “Academia Nicaragüense de la Lengua” delakoa, Ama Teresa Kalkutaren sokako moja-kongregazioak edo poesia-lehiaketak, denak, nonbait, konspiratzaile samarrak bai baitira.

Lekutan geratu dira 1984eko hauteskunde garbiak, zeinetan Daniel Ortegak errepublikako presidente izatera heldu zen %70eko botoekin. Ia 40 urte geroago, “demokrazia zuzena, alderdi bakarraren baitan” delako leloaz, eta alderdi-aniztasunak herria zatitzen omen duen aitzakiaz, Ortega-Murillo senar-emazteek aldi berean aldarrikatzen dute orain 50 urteko FSLNen (Nazio Askapenerako Fronte Sandinista) leninismoa eta Jesukristorenak eredutzat hartzeko erreparorik ez duen Danielen beraren mesianismoa.

Hori bai, bidenabar, inork ez dakien arren zehatz nola, Ortega-Murillo familia urre eta zilar meategiez, petrolioaz eta hainbat energia motaz, abeltzaintzaz, nekazaritzaz eta bestez jabetu da, eta Nikaraguako senitarterik (2) aberatsen bilakatu. Oraindik ez omen da Ortega diktadore berria aurreko Somoza tirano zaharra bezain aberatsa, baina denbora kontua baino ez omen da.

Haatik, agian, ez du horrenbeste denborarik izango. Duela lau hamarkada Ortegarekin batera borroka armatua eta, ihesi, erbesteratu beharra ezagutu zituen Mónica Baltodano gerrillari ohi eta historialariaren iritziz, Ortega sekula inork suma lezakeen baino gehiago aldatu da: “para la mayoría de las personas, es un asesino, es un criminal, es un torturador.  Ya ha sido derrotado estratégicamente”.

Daniel Ortega eta Rosario Murillo
Daniel Ortega, Nikaraguako presidentea, eta bere emaztea, Rosario Murillo, presidente-ordea, aurreko astean, azaroaren 6ko udal hauteskundeak zirela-eta.

Ideiak aurpegian

Joxe Azurmendi filosofoak idatzia du (3): “Demokraziaz eta Konstituzioaz mozorrotzen dira batzuk, borrokaz eta askatasunaz besteak, bizitza sakratuaz eta moralaz bestetzuk, elkarrizketaz, bakeaz. Ideiak aurpegian. Alegia, mozorroak denok dauzkagu: simulatzen ditugun segurantziak, geure hautuak baino ez direnak. Sendo alegatzen ditugun arrazoiak. Gure fedeak. Gure mozorroak.”

Hala ere, miresgarriena ez dateke mozorroz jantzita bizi izatea, behar bestetan mozorroz aldatzea baino. Are gehiago mozorro kontrajarriak asmatzea. Eta zailago dena, tenore bakoitzean, unean uneango mozorroan buru-belarri sinestea, inoiz lehenago bestelako mozorro-jantzirik izan ez balitz bezala.

Somoza-Ortega
Somoza eta Ortega, aurpegiz aurpegi. 'Ideiak aurpegian' dio Joxe Azurmendik. Bada elkarren antz handia dutela dioenik.


---ooOoo

 1). Enrique Gorriaran gerrillari argentinarraren agintepeko komandoak hil zuen Anastasio Somoza, 1984eko irailaren 17an, Paraguaiko Asunción hiriburuan, fusilez eta suziri-jaurtigailuz tirokatuz, diktadore ohia egunkaria erostera atera zenean.

2) Zortzi seme-alaba dituzte.

3). "Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk". Elkar, 2019.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: