Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berrogei urte eta orain hau!

Berrogei urte eta orain hau!

Amatiño 2022/01/05 12:00
Euskaltzaindiak azaldu berri du “Euskararen Gramatika”. Lehenbiziko Gramatika Batzordea 1980an izendatu zuen Akademiak, Pierre Lafitte, Jean Haritxelar, Patxi Goenaga eta Maria Pilar Lasarte zirelarik, hurrenez hurren, buru, buruorde, idazkari eta idazkariorde. “Erraz esaten da gero, orain dela 40 urte inguruko kontuak”, Pello Salaburu egungo Gramatika Batzordeburuak mirespen puntuaz aurkezpenean aitortzen duenez.

Berrogei urteotan egindako lana ez da inondik ere hutsala izan. Mila inguru orrialdeko bi liburuki guri bezain mardul, 43 kapitulutan sailkatua, besapean hartuta egundoko itzala eragiten duen lan garaua.

Nik nire buruari Olentzerotan egindako oparia, liburudendan erosterakoan saltzaile txantxikuarrak zera esan zidan: “Pufff… hau da hau, lotsia be emoten dost 70 euro kobrau biharra”. Eta nik erantzun “kontuak orduka eginezkero, egilliak ez dira aberastuko eta irakurliandako, ostera, zinera joatia baino zatixa merkiago”.

Zer gerta ere, gramatika honek ezaugarri bi omen ditu. Batetik, zuzenean hartarako egin ez bada ere, nolabait behintzat,  gramatika arauemailea dela. Ez soilik Euskaltzaindiaren emandako arauak biltzen dituelako, aukeran, era eta molde batzuen zein besteen arteko lehentasunak adierazten dituelako baino. Hau da, gramatika deskriptiboa da baina, aldi berean, irakurleari jakineko norabideak markatzen dizkiona. Bigarren ezaugarriari dagokionez, berriz, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak lan irekia aurkeztu nahi izan du, ez itxia, interesik izan dezaketenen artean eztabaidatua izan dadin.

Bi ezaugarri nagusion ildotik, gramatika ez da segurutik alorrik aproposena irakurle arrunta animatzeko. Balirudike, ikasle, irakasle, aditu, ikertzaile edo nolabaiteko profesional interesatua beharko litzatekeela izan, bi mila orrialdeko gramatika eskuez oratu eta gordin asko irekitzen hasteko baina, egia esan, lanak berrogeitaka orrialdeko aurkibide joria du, nabarmen xeheki zatikatua, non, esaterako, ahal, bat, bait, bera/beraren, bera/berdin, bir/ber, izan/egon, zein/zer eta beste mila inguru sarrera zehazten eta bereizten diren --denetariko kasuez, arloez, kategoriez, adizkiez, atzizkiez, izenez, izenordez, perpausez eta abarrez-- euskaraz idazten dakien orok ulertzeko eran.

 Adolfo Arejitak Durangoko Azokako aurkezpenean adierazi zuen bezala: “Umore onez hartuz gero, gramatika atsegin eta entretenigarria suerta daiteke”. Nago, umoreaz gainera, ez ote litzatekeen zaletasun pittina ere komenigarri izango baina tira, demagun, funtsean, oso funtsean, arrazoiaren jabe dela gure Adolfo. Euskaltzainek beti dute arrazoia... esan nahi dut, jende arrazoitsua dela.

Pello Salaburu, Andres Urrutia, Miren Azkarate
Pello Salaburu, Andres Urrutia eta Miren Azkarate
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: