Berrogei urte eta orain hau!
Horra non, berrogei urteren bueltan, Sortuk proposatu duen epekako independentzia. Joño! Lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko Estatutu Autonomia, Espainiaren baitan; eta gero gerokoak, Iparraldea erakundetu ostean edo.
Auskalo denboraz ote gauden, oraindik, 1978ko Konstituzio espainiarrak honen inguruan (laugarren xedapen iragankorrean) dioena gogoratzeko, alegia: Nafarroa nor dela EAErekin bat egiteko, nafarrek horrela nahi eta erabakiko balute erreferendumez.
Segurutik ez da daitekeen formularik onena, baina ez dirudi, hogeita hamabost urteotako hausnarketa luze eta sakonaren ondotik, Sortuk askorik hobetu duenik. Gogoan izan, haatik, batzuek tiroka ziharduten artean, nafar hautesleen %66,62k parte hartu zuela harako 1978ko Konstituzio-erreferendumean eta onartu, gainera, parte hartu zutenen arteko %75,70k.
Bakoitzak bere erritmoa du, jakina. Baina, behar bada, erritmo geldo samarra inoren eta ezeren "abangoardia" izateko.
Enrique Múgica Herzog, Felipe González, Benigno Baskaran eta Alfonso Guerra, Astelena frontoian (1976). Lauak bat etorri ziren, 1978an, orain Sortuk proposatzen duen formularekin