Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berriro ere hauteskundeak

Berriro ere hauteskundeak

Amatiño 2017/10/31 10:20
Kataluniako gatazkaren ardatz-ardatzean daude, gaur egungo eztabaida politikoan elkarren kontra ari diren ideia nagusi bi. Batek dio, Espainia zatiezina dela. Besteak, Kataluniak erabakitzeko eskubidea duela. Baina, ez dira egia. Ez bata eta ez bestea ez dira ezinbestekoak. Bata zein bestea, zilegizko aldarrikapen politikoak dira, baina ez aldatu edo eztabaidatu ezinezko printzipioak.

Espainia zatitu egin daiteke. Eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea ez da funtsezko eskubidea. Eta hau ez diot nik, gaur goizean, astearte buru zurian, bart gaueko ordu txikietan asmatu dudalako. Hau da Daniel Innerarityk, gure filosoforik handienetakoak landua eta idatzia, eta inork ez dio kontrakorik egin.

Arazoa da, ordea, batzuk uste dutela Espainiaren zatitu ezina dogma hutsa dela eta besteek, berriz, erabakitzeko eskubidea zerutik isuritako grazia. Baina, demokrazia, hori baino dezente lurtarragoa da. Demokraziak ez du dogmatan eta espiritu santutan sinesten. 

Espainiar Estatuaren arau juridiko nagusiaren defentsa izugarri garrantzitsua da, baina ezin izango du dagoen dagoenean iraun, Kataluniako biztanleen nahikundeari muzin eginez. Eta, era berean, katalanen erabakitzeko eskubidea hutsaren hurrengoa izango da, ez baldin bada aldez aurretik hitzartzen: zertaz, noiz, nola eta zenbat. Eta ez Kataluniaren eta Espainiaren artean soilik. Baita, aldez aurretik, katalanen artean ere.

Gurean, hainbat euskal hiritarrek ia berrogei urte behar izan dute onartzeko, erabakitzeko eskubidea ezin dela, demokrazian, indarkeriaz defenditu. Eta Kataluniako prozesuan, katalanek aukera izan dute konturatzeko, gizartearen erdia ordezkatzen duten alderdiak gai izan daitezkeela gobernatzeko, baina ez, ordea, Herri osoaren izenean independentzia erabakitzeko.

Kataluniaren independentziaren aldeko eta kontrako bi jarrera hauek elkar ikusiko dute berriro ere, Santo Tomas egunean eratuko diren hauteskundeetan. Hain zuzen ere, Rajoyk deitutako hauteskundeak, Puigdemontek eskutik zeukan aukera alferrik galdu ostean, nahz Urkullu lehendakariak eta Europar Batzordeak besterik gomendatu.

Hurrengo hauteskundeak ez dira aski izango Kataluniaren gatazka konpontzeko, baina bai konponbidearen oinarri berriak ezagutzeko. Eta dena delako konponbidea, inondik etortzekotan, itunetik eta hitzarmenetik etorriko da. Espainiar Estatuak onartu beharko du Kataluniako aldarrikapenak ez direla amaituko, bi milioi katalani ez ikusi egiten. Eta Kataluniak aitortu beharko du, bere indarrak hauteskundeetan frogatu beharko dituela, are gehiago kontuan izanda, azken bi hauteskundeetan independentziaren aldeko alderdiak ez direla, behin ere, %48tik pasatu.

Kataluniako gatazka, aurren-aurrenik, katalanen artekoa da. Eta daitekeena da hurrengo hauteskundeetan independentziaren kontrakoak inoiz baino elkartuagoak parte hartzea eta independentziaren aldekoak, ostera, azken bolada honetan baino zatituagoak. Horrez gainera,  bada, honezkero, alderdi berriren bat sortu nahi lukeen mugimendurik ere. Alderdi Demokrataren baitan.

Hurrengo zazpi astebeteetan gauza asko gertatuko dira Katalunian.

Euskadi  Irratia. Albiste Faktoria.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: