Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bernsteindarren amodio-historia: foilletoia benetakoa, konplexua eta sinesgarria denean

Bernsteindarren amodio-historia: foilletoia benetakoa, konplexua eta sinesgarria denean

Amatiño 2024/01/08 15:46
Mundiala, Bradley Cooper Leonard Bernstein gisa, eta inondik ere ezin bigarren mailan utzi Carey Mulligan, Felicia Montealegre emaztearenak egiten. Nabarmen gero, artea, txinpartak, distira eta narzisismoa senar kanpolarrosak jarri zituela, baina zentzua, oreka, pazientzia eta maitasuna, aldiz, emazte kementsuak.
Bernsteindarren amodio-historia: foilletoia benetakoa, konplexua eta sinesgarria denean

Bradley Cooper eta Carey Mulligan

Pianojotzaile eta orkestra-zuzendari, Bernstein izan zen XX. mendeko konpositorerik ezagunenetakoa eta, ospetsuen artean, Estatu Batuetan jaiotako lehena. Leonard Bernstein eta Felicia Montealegre, Broadwayko telebista-artista, elkar maitemindu ziren, nahiz Leonard bisexuala izan. Feliciak, hasiera beretik jakitun, ez zuen Leonarden joera gustuko, baina amore eman zuen, ezkutuan eta “zuhur” jokatuko zuenaren baldintzapean. Ezkondu, 1951an ezkondu ziren, gogotik elkar maitatu, hiru seme-alaba izan eta hotsandiko bikotea osatu.

Feliciak nola hala eraman zuen senarraren bizitza bikoitza, noizbait “aldatzea” lortuko zuelakoan. Eta Leonard berak ere jasangaitz bizi izan zituen bisexualitatearen ajeak, psikoanalistarengana jo omen zuen-eta, “osatzeko” asmotan. Biek elkarri aitortu zioten euren ezkon-harremana ez zela “pasioan oinarritzen, elkarrenganako maitasun, samurtasun eta begirunean baizik”.

Oreka hura 1971an hautsi zen, ordea, senarra Tom Cothran musika-zuzendariaz maitemindu, gutxieneko zuhurtzia galdu, seme-alabek zurrumurruak entzun, eta, 1976an, Feliciak “Cothran ala ni” erabakitzera behartu zuenean senarra. Leonardek Cothran hautatu zuen eta Felicia lur jota utzi. Aldendu bezain laster, ordea, biriketako minbiziaz (1) gaixotu zen Felicia. Emaztearen albora itzuliz, Leonardek hurbiletik zaindu zuen, 1978an zendu arte.

Berezko “amodiozko pelikuletako” istorio hau da Bradley Cooperek zuzentzen duena (Leonard Bernsteinen interpretazioa ere bere gain hartzen), ganora handiz eta maisuki zuzendu ere.  Apartekoa, halaber, Carey Mulliganen interpretrazioa. Ez dute informazio faltarik izan, Jamie Bernstein alabak lagatako 1.800 gutunen artxiboa kontsultatzerik izan dute-eta. Kritika gisa, bada dioenik hasi eta buka Oscar saria irabazi ahal izateko “estrategiez” burutua dagoela filma, baina, arrazoiz nahiz ez, errezeta hain erraza balitz…

Besteak beste, benetan ikustea merezi duen melodrama, ez soilik Leonard Bernsteinen kontraesanak eta Felicia Mortealegreren argudioak ulertzeko, baita haren nora ezaz eta emaztearen kemenaz jabetzeko ere. Besteak beste, adierazgarri gero, zein luze egiten den Bernsteinek Jamie alaba nagusiari "aitortzen" dion homosexuala izanaren… ukoa; gogoangarri, emazteak senarra logelatik kanpora bidali osteko solasaldia (2) eta, azpimarragarria, Bernsteinek Mahlerren 2. Sinfonia ("Berpizkundea") zuzentzen duen sekuentzia; berezia ere, estetika aldetik, zuribeltzez hasitako filma kolorez amaitu izana; nabariak, tarteka-martekako elipsiak edo tarte-jauziak eta, sekulakoa gero, Bernstein adinduaz Cooperrek azaltzen duen bete-beteko makilajea (3).

Sarri esan ohi da zinema estatubatuarra dela kalitatezko gailurra eta isuri komertzial petoa elkarrekin ondoen biltzen asmatzen duena. “Maestro” biopika da, segurutik, aspaldi honetako adibiderik onenetakoa. Foilletoia ei da, definizioz, kalitate handirik gabeko fikzio arin eta sinesgaitza.

Horretara, foilletoia kalitatezko errealitate konplexu eta sinesgarria denean... zer arraio da?: Hollywood-eko biodrama arrakastatsua. 

1) Garai hartan ohi zenez, tabako-erretzaile amorratua izan zen bikotea. Emazteak, minbiziaz ere,  erretzen jarraitu zuen, eta filmak dirauen 120 minuetan senarrak ez du zigarroa ezpainetatik kentzen.

2) "Si no vas con cuidado te morirás siendo una reinona solitaria"

3) Leonard Bernstein judua zen. Ez, ordea, Bradley Cooper. Eta,  judu-sudurraren jabe ez denez, aproposkoa ezarri behar izan diote. Eskuineko hainbat kritikari juduk salatu dituen bi akats larriak, nonbait. Gainera, Cooper ez omen da Bernstein bezain "dotorea" (handsome). 

.

Bradley Cooper
Ezkerrean, Leonard Bernstein. Eskuinean, Bradley Cooper. Erdian, Bernstein gisako Cooper.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: