Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bermuta, ez bermua

Bermuta, ez bermua

Amatiño 2016/03/27 00:05
Nik bermuta edaten nuen garaietan, bermuta beti zen bermuta, euskaraz zein gaztelaniaz. Orain, aldiz, badirudi gaztelaniaz beti dela “vermú” eta, beldur naiz, euskaraz ere ez ote den gero eta gehiago “bermua” entzuten. “Inork nahi al du bermurik? Bai, bermu bat, mesedez”.

Joeran omen dago berriro ere bermuta. 1960 eta 1970eko hamarkadetan sarritxo edan ohi zen, igandetan behintzat. Untzagan, Mototxeneko (orain, Guridi) bermuta eta hezurdun azeitunak, ogi koxkorraz, ez ziren gero euli-kaka. Ondotik, maldan behera egin zuen eta orain, Kilimon errekaren pare, berriro ere gora dator.

Gure gaztaroan, ardoa bermuta baino nabarmen merkeagoa zen, baita arinagoa ere. Orduko ardoak 11 gradu inguru baino ez zituen eta, bermutak, barrena 18. Orain, bermutik salduenek 15 gradu dituzte, zazpi eurotan litroa, eta 14,5 graduko ardoak ez dira batere arraroak.

Euskal merkatuan bermuta  aspaldidanik izan da boteilakoa eta, markaz, italiarra-edo. Katalunian, ostera, bertako marka asko dago eta, Aragoin behintzat, ohikoa da etxekoa edo “grifokoa” izatea.

Ez omen da batere zaila bermuta egitea: ardo zuria, karameloa, azukrea eta alkohola, hasteko. Horrez gainera, berriz, nahi besteko espeziak: asentsio-belarra, kanela, laranja-azala, iltzea, ezkaia, banilla, kamamila, anisa, salbia, martorria, ipurua, kardamomoa… Denetarik “ikututxo” bat, eta kitto.

Yzaguirre

Kataluniako bermutik ezagunenetakoari euskal izena dario: Yzaguirre. Enric Yzaguirre Basterretche ziburutarrak sortu zuen enpresa, 1884an, Reusen. Jatorriz, ordea, giputzak ziren Yzaguirretarrak, Zumarragakoak.

Zumarragako Yzaguirretarrak bertako udal-artxiboa bezain zaharrak dira. Artxiboa 1521an sortu eta Yzaguirretarren lehen agiria, berriz, 1523koa.

Sebastian de Yzaguirre y Lasa liberalak herritik aldegin behar izan omen zuen, 1835an, karlistak Zumarragan sartu zirenean. Ziburura joan, bertako Angélique Basterretcherekin ezkondu eta bost seme izan zituzten elkarrekin. Aita hil ostean, bost semeok “soinean” hartu eta alarguna joan zen Kataluniara non, Reusen, Henrik (Enric-ek) bermuta egiteari ekin zion.

Bermuta, ez bermua

Edari europar peto-petoa da bermuta eta izen  berbera zaio Europako hizkuntza  guztietan, XVI. mendetik hona. Jatorria alemanierazko “wermut”etik (absenta, asentsio-belarra) datorkio eta gaztelaniaz-edo izan ezik, gainerako guztietan amaierako ‘t’ soinua gordetzen du nola edo hala.

Alegia, “vermut” katalanez, italieraz, hungarieraz, islandieraz edo turkieraz; “vermouth”, okzitanieraz, frantsesez, ingelesez, dinamarkeraz edo suedieraz; eta “vermute” (portugaleraz), “vermutti” (suomieraz), “vermutas” (lituanieraz) edo “vermuto” (esperantoz). Gaztelania da amaierako ‘t’ soinu hori galdu duen hizkuntza bakarra: "vermú".

Segurutik arrazoiren bat izango da baina, zer nahi delarik, nabarmena da gero zein erraztasun handia duen gaztelaniak amaierako hainbat 't' galtzeko: Carné, parqué, caché, claqué, vermú... Euskaraz, ordea, karneta, parketa, katxeta, klaketa eta... bermuta, jakina.

Bermuta2

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: